Lau lagun atxilo hartu dituzte Bilbon, andreen trafikoan aritzea leporatuta

Iruzur bidez Europa ekialdeko hainbat tokitatik ekarri eta prostituzioan jardutera behartzea egozten diete

Erredakzioa
Bilbo
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Lau pertsona atxilotu dituzte Bilbon, emakumeen trafikoan jardutea leporatuta; engainu bidez Europako ekialdeko hainbat herrialdetatik Euskal Herrira ekarri eta prostituzioan jardutera behartzen zituzten, Espainiako Poliziako iturriek aditzera eman dutenez. Atxilotuak hiru gizonezko eta andrazko bat dira; bi gizon Moldaviakoak dira, eta bestea, berriz, bizkaitarra, ustez andreak prostituzioan jardutera derrigortzen zituzten gau klub bateko jabea, hain zuzen ere.

Atxilotutako andrazkoari klub horretan zelatari lanetan jardutea egozten diote; hain justu, ustez iruzur bidez ekarritako andreak kontrolatzen jardutea. Operazioa oraindik zabalik dagoela diote poliziek, eta akaso oraindik ere jende gehiago atxilotuko dutela datozen egunetan. Euskal Herritik kanpo bizi diren eta ustez sarearekin erlazioa duten hainbat lagunen bila dabiltza orain. Atxilotutako lau lagunak, nolanahi ere, andrazkoen trafikoan diharduen sare baten buruzagiak direla pentsatzen dute poliziek. Epailearen aurrean deklaratu dute dagoeneko laurek.

Atxilotutako Moldaviako bi gizonak anaiak dira eta Italian dute bizilekua, polizi iturriek azaldu dutenez. Biek egiten zieten andrazkoei Bilborako eskaintza. Dantzari jarduteko aukera izango zutela esplikatzen zieten, eta, trukean, behin beharrean hasi eta gero, 3.000 euro ordaindu beharko zituztela laneko irabazietatik. Ekarritako andrazko gehienak, oso gazteak, Moldaviakoak eta Errumaniakoak dira.

Mehatxatuta

Behin Euskal Herrian, prostituzioan jardutera derrigortzen zituzten. Poliziak aditzera eman duenez, iruzurra berehala geratzen zen agerian; atxilotuek mehatxuak eta bortxa erabiltzen zituzten andreen kontra, eta 3.000 euroak ordainarazteko bezeroekin sexu harremanak izatera behartzen zituzten. Poliziek ikusi dute ustezko zorra andrazkoak mendean hartzeko erabiltzen zutela. Iruzur bidez andreak ekartzea egozten diete atxilotuei, eta prostituziora behartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.