Atxiloketak

Lau lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak bart Donostian eta Pasaian, ETAko informazio taldekoak direlakoan

Harkaitz Landaberea, June Vilarrubia, Julen Etxaniz eta Saioa Urbistazu dira atxilotuak. Haien etxeak miatu dituzte; Donostian Urbieta kalean eta Intxaurrondon, eta Pasai San Pedron frontoitik gertu eta Proisan. Poliziak dio "ETAko kide legalak" direla. AAM torturen beldur da.

2008ko abenduaren 16a
18:47
Entzun
Guardia Zibilak lau lagun atzeman ditu bart Donostian eta Pasaian (Gipuzkoa), ETAko informazio talde bateko kideak direlakoan. Harkaitz Landaberea Torremocha, June Vilarrubia Mitxelena, Julen Etxaniz Garcia eta Saioa Urbistazu Arrieta dira atxilotuak.

Landaberea eta Urbistazu donostiarrak dira -azkena Pasaian bizi da-, Etxaniz pasaitarra -San Pedrokoa-, eta Vilarrubia lezoarra (Gipuzkoa). Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) esan du Landaberea eta Vilarrubia Donostiako Intxaurrondo auzoan atzeman dituztela -bikotea dira-, Urbistazu Donostian Urbieta kalean eta Etxaniz Pasaian -azken bi horiek ere bikotea dira-.

Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta egin du operazioa. Polizia iturriek esan dute "ETAko kide legalak" direla.

2:15ean hiru lagun atzeman dituzte, eta bestea handik ordubetera.

Guardia Zibilak haien denen etxebizitzak miatu ditu. Donostian Urbieta kalean eta Intxaurrondo auzoan, eta Pasai San Pedron frontoitik gertu eta Proisa kalean -8:25 aldera joan dira Pasaiatik-.

Gaur 20:00etan elkarretaratzea egingo dute Intxaurrondon, Uliako bidegurutzean. San Pedron 19:30etik batzarra egingo dute, frontoian. Lezon ere ordu berean asanblada, Gurutze Santuaren plazan.

AAMk kezka agertu du atxilotuek jaso dezaketen tratuagatik, "Guardia Zibilak sistematikoki erabiltzen duelako tortura. Une honetan atxilotuak inkomunikaturik daude. Zer espero behar da gertatuko dela? Argi dago lau herritar hauek basatiki torturatuak izateko benetako arriskuan daudela".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.