Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu gaur Bizkaian, ETAko kide direla leporatuta: Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria Bilboko Alde Zaharrean, Lorena Lopez Bilboko Errekalde auzoan eta Daniel Pastor Galdakaon. Bilbokoak dira laurak. Operazioan 200 kilo lehergai aurkitu dituztela dio Guardia Zibilak, eta Eduardo Puelles ETAk 2009ko ekainaren 19an hi zuen Espainiako poliziaren hilketa leporatu die. "Egundoko poza da guretzat operazioa", adierazi du Eduardo Puellesen anaia Josuk.
04:00etan hasi dute operazioa guardia zibilek, eta Ertzaintzak ere parte hartu du. Atxilotutakoen etxeak miatzen ari dira, baita Galdakaoko garage bat. Azken horretan, lehergaiak egiteko materialaz gain, pistolak ere aurkitu dituztela dio Guardia Zibilak. Ez dira oraindik amaitu miaketak.
Lau atxilotuek fitxatu gabeko talde bat osatzen zutela dio Guardia Zibilak, eta Espainian, Euskal Herritik gertu, izan ziren zenbait atentaturen egileak direla gaineratu du; besteak beste, Burgosen 2009ko uztailaren 29an kuartel baten aurka burututakoa. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak operazioaren garrantzia azpimarratu du.
ETAren su-etenaz geroztik 21 pertsona atxilotu dituzte
ETAk urtarrilaren 10ean su-etena publiko egin zuenetik, 23 pertsona atxilotu dituzte. Gehienak Ekin, Askatasuna eta Segiko kide izatea egotzita atxilotu dituzte. Lehen atxilotketak biharamunean egin zituzten, urtarrilaren 11n Iraitz Gesalaga eta Itxaso Urtiaga atxilotuta. Gaurko atxiloketak Mikel Karrera Saroberi atzemandako dokumentazioan oinarrituta egin dute operazioa, Guardia Zibilaren arabera.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) inkomunikazio aldian atxilotuek jasan dezaketen tratuarekiko kezka agertu dute. "Guardia Zibilak sistematikoki erabiltzen du tortura horrelako polizia operazioetan, inkomunikazio aldia baliatzen dutelarik atxilotuei mota guztietako tratu txar físiko nahiz psikologikoak eragiteko".
Torturaren Aurkako Taldeak ere kezka agertu du, eta lau atxilotuen senideei elkartasuna adierazi die. Atxilotuak "berehala" epailearen aurrera eramateko eta torturatu ez ditzaten neurriak hartzeko eskatu du: inkomunikazioa altxatzea, epailearen aurrera eramatea, atxilo aldi osoa soinu eta irudi bidez grabatzea, konfiantzazko abokatu eta medikuaren asistentzia bermatzea eta beraien senideei atxilotuak non dauden eta beraien egoera pikologiko eta fisikoaren berri ematea.
'Habeas corpus' eskaera
Lau atxilotuen abokatuek jada Habeas corpus-a eskatu dute -atxilotuak berehala epailearen aurrera eramanak izan daitezela-, inkomunikazioa saihesteko neurriak ere eskatu dituzte, baina ez dute erantzunik jaso.
Espainiako Gobernuak "euskal herritarron askatasun, konponbide eta bake nahiei errepresioarekin" erantzuten diela salatu du AAMk. Bilbon mobilizazioak iragarri ditu.
Polizia operazioa
Lau lagun atxilotu dituzte Bizkaian, ETAko kide direlakoan
Guardia Zibilak dio Galdakaon 200 kilo lehergai atzeman dizkietela, eta Eduardo Puelles poliziaren hilketa leporatu die. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atxilotuen egoerarekiko kezka agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu