euskal presoak

Lau lagun atxilotu dituzte presoen aldeko protestetan

Presoen aldeko protesta, atzo, Gasteizen. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
2013ko azaroaren 30a
18:56
Entzun

Ertzaintzak bi gazte atxilotu eta 60 inguru identifikatu dituela salatu du Ernai antolakundeak. Gaur goizean izan da gertaera, Zaballako kartzelaren kanpoaldean (Gasteiz), "Denak ala inor ez" dinamikaren baitan presoen aldeko protesta bat egiten ari zirela. Ertzainek jarrera "bortitza" izan dutela salatu dute gazteek, eta ekintza grabatzeko eramandako kamerak kendu dizkietela. Ertzaintzak jakinarazi duenez, pankarta bat zabaltzen saiatu dira, eta desordena publikoa egotzi diete. Gazteek Lakuako polizia etxera joateko deia egin dute, atxilotuei elkartasuna adieraztera.

Bilbon, berriz, bi lagun eraman ditu atxilo bart gauean Espainiako Poliziak, Sevilla II espetxeko presoen egoera salatzeko pintaketak egin dituztelakoan. Sortuk salatu du gertaera. Atxilotuetako bat epailearen aurretik igaro zain dago oraindik, eta berehala aske uzteko eskatu du.

Mobilizazioak gaur eta bihar

Sevilla II kartzelako euskal presoek gose greba mugagabeari amaiera eman ondoren ere, Euskal Herriko kaleetan jarraituko du haien aldarrikapenak. Herenegun eman zioten amaiera protestari, espetxeko zuzendaritza beraiekin harremanetan jarri ez den arren. Egoera «muturrekoa» dela ohartarazi dute haien senide eta lagunek, eta eutsi egin diete antolatutako mobilizazioei. Gaur, esaterako, manifestazioa egingo dute Bilbon, 17:30ean Plaza Eliptikotik. Bihar, berriz, Donostiako Bulebarrean, 12:30ean. Sevilla IIko espetxean euskal presoek bizi duten "muturreko egoera jasangaitza" dela-eta bihar antolatu diren manifestazioetara joateko deia egin du Sortuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.