Beltz-beltzak ziren Sanferminetako 3. entzierroa egin duten Dolores Aguirre ganadutegiko sei zezenak. Oso batuta atera dira ukuilutik, eta denek ere aldametara asko begiratu duten arren, Santo Domingoko aldapa arazorik gabe igo dute. Aldapa amaitzear zela, ordea, aurretik zihoan zezena erori egin da, eta ondorioz, atzeko guztiak ere lurrera joan dira. Altxatu eta berriz abiatzerako abiadura asko galdu dute, eta Udaletxeko plazara nahiko mantso iritsi dira.
Mercaderesetik Estafetara bidean zezenak banatzen hasiak ziren. Hankaz gora erori dira, bigarrenez, eta izua sortu. Izan ere, zezen horietako batek bere eskuinera begiratu du, eta han zeudenen kontra egin du, bien bitartean, lurretik altxa berria zen batek mutil gazte bat arrastaka ibili du adarrarekin nikian helduta. Han, bitan zatitu da taldea. Hiru zezen aurretik abiatu dira, eta beste hiru atzean geratu, joaldunekin.
Zezen plazara bidean, tarte handia atera diete aurrekoek besteei. Iritsi direnean, zuzen sartu dira ukuilura lehen taldeko hiruak, baina bigarren taldea iritsi denean, bestelakoak izan dira gauzak. Zezen batek plazari buelta eman dio, eta jendetza ugari zegoenez, arriskutsua izan da oso. Gazte bat harrapatu du azkenean.
Lau lagun zauritu dituzte zezenek, beste asko jendeak
Entzierroa amaitu denean Gurutze Gorrikoek eman dituzten datuen arabera, lau lagun zauritu dira gaur adarrez. 24 urteko gazte bati bi adarkada eman dizkiote: eskuin izterrean bat eta ipurmasailean bestea. 46 urteko beste gizon batek ezkerraldeko muskulu bikian du adarrez egindako zauria, 50 urteko frantziar bat masailean zauritu dute, eta 31 urteko beste bati ipurdian sartu diote adarra.
Nolanahi ere, han bildu den jendetzak ere arrisku latza sortu du. Kaleak leporaino beteta zeuden zezenak atera aurretik, eta baita zezen plazako ukuilura sartu ondotik ere. Elkarri traba egin diete, eta eroritakoak, eta zapalduta zauritutakoak asko dira.
Zezenek beren bidea amaitu eta gero ere jende ugarik jarritzen zuen korrika, elkarri bultzaka, zezen plazara sartzeko. Bigarren entzierroa: jendea jendearen atzetik.
SanFerminak / 3. entzierroa
Lau lagun zauritu dituzte zezenek adarrez
Jende ikaragarri zegoen gaur Iruñean, Sanferminetako 3. entzierroan lasterka egiteko. Zezenak bi aldiz lurrera erori dira, gainera, eta arrisku une handiak izan dira. Santo Domingoko aldaparen bukaeran ia zezen guztiak erori dira, eta taldea sakabanatzen hasi da. Estafetan sartu eta berehala, berriz erori dira, eta handik aurrera bi taldetan egin dute bidea: hiru zezen aurretik, eta beste hiru atzetik, azken horiek joaldunekin. Zezenek lau lagun zauritu dituzte adarkadaz, baina beste hainbat jendek ere hartu du min. Izan ere, jende asko zegoenez, ez zen erraza lasterka egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu