AHT

Lau lagun zigortu dituzte AHTaren aurkako pintaketak egiteagatik

Sei eguneko etxeko atxiloketa ezarri diete, 2010eko apirilean Zizurko errepideetan pintaketa batzuk egitea egotzita.

2012ko abenduaren 26a
20:05
Entzun

Bart gauerditik urtezahar gauerdira arte egon beharko dute irten gabe, Mugitu mugimenduak berri eman duenez. Iruñeko Zabaldi Elkartasun Etxean egongo dira egun horietan. 2010eko apirilean Zizurko errepideetan AHT abiadura handiko trenaren aurkako pintaketak egitea leporatu die epaileak laurei. Gainera, Zizurko Udalari 2.600 euroko isuna ezarri dio epaileak.

2011ko maiatzean egin zuten epaiketa, eta fiskalak zazpi urteko espetxe zigorra eta 20.000 euroko isuna eskatu zuen guztira. Epaiketa salatzeko, autoinkulpazio kanpaina abiatu zuen Mugitu mugimenduak iazko apirilean; 352 atxikimendu jaso zituzten.

Mugitu-k dei egin die AHTaren aurka daudenei, zigortuak izan direnei elkartasuna adierazi eta egun horietarako prestatu dituzten jardunaldietan parte har dezaten. "Borrokatzen eta desobeditzen segitzeko beharra dugu, inoiz baino tinkoago gainera. Izan ere, lotsagarria baita Amalurra suntsitu nahi dutenek eta denon ondasuna xahutu nahi dutenek aurkariak kriminalizatu, erreprimitu eta isunez ito nahi izatea", azaldu du mugimenduak ohar baten bidez. Besteak beste, elkarretaratzeak, bertso saioak eta kontzertuak prestatu dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.