Lau lagun eraman dituzte erietxeetara gaurko entzierroan zezenek adarkatuta. Bideko Amaren erietxera eraman dituzte haietatik bi: segurtasun lanetan zebilen 41 urteko Iruñeko udaltzaingoko kide bat (Mercaderesen harrapatu du),eta Funesko (Nafarroa) Jesus Angel Merino Orduna, 48 urtekoa. Udaltzainak ezker izterreko albo batean du adarkada, eta eta Jesus Angel Merinok berriz, eskuin izterreko barnealdean. Ebakuntza egiten ari zaizkie biei.
Adarrekin egindako zauria duen beste korrikalari bat zezen-plazako erizaindegian artatzen ari dira; 14 zentimetroko adarkada du izterrezurrean, eta zezen-plazan bertan ari zaizkio ebakuntza egiten. Gero erietxe batera eramango dute.
Nafarroako Ospitalera, berriz, Xabier Salillas Garcia 34 urteko hernaniarra eraman dute, zezenak Estafetan harrapatu ostean: 15 zentimetroko adarkada du eskuin izterreko atzealdean, ziztada bat sorbaldan, eta kolpea toraxean. "Larri" dagoela agertu dute erietxeko iturriek.
Erietxe horretan zezenak adarrarekin kolpea emandako beste korrikalari bat artatu dute —izenik eman nahi izan ez duen 47 urteko gizonezko bat—, eta hemitoraxean urradura eragin badio ere, adarra ez dio barruraino sartu.
Azken batean, lau lagunek jaso dituzte adarkadak, eta, horiez gain, beste zazpi lagun eraman dituzte erietxeetara kolpe handiak-eta dituztelako. Besteak beste, 69 urteko gizonezko bat traumatismo kraneoentzefalikoarekin.
Entzierro luze eta arriskutsuena
Indartsu atera dira Jandilla zezenak ukuilutik, goizeko zortzietan puntuan. Santo Domingon gora haietako batek segituen hartu die aurrea mantsoei, baina aldapa horretan bertan erori da, lehen arrisku uneak sortuz.
Beste zezen bat jarri da orduan taldeko buru, eta abiadura handian sartu da Udaletxeko plazan eta Mercaderes kalean. Hain justu, Mercaderes hasieran amildu dira bi zezen, eta haietako batek arazo handiak izan ditu berriro zutitu eta zezen-plazarako bidea hartzeko. Zezen horrek beste guztien atzetik egin du ibilbide guztia, behin baino gehiagotan atzera itzuliz, eta egiazko izu uneak sortuz.
Bitartean, aurrealdean, taldearen buru zihoan zezenak erori gabe igaro du Mercaderesko bihurgunea. Atzetik zetozen hiru, ordea, erori egin dira bihurgune ezagun horretan, eta bati kostatu egin zaio altxatu eta berriro aurrera egitea.
Estafeta kalean banatuta joan dira bost zezen, bi aurretik zirela, eta Jandilla ganadutegikoek ezaugarri duten gisa, abiadura handi-handian. Hala egin dute zezen-plazarainoko ibilbidea, eta arazorik gabe sartu dituzte kortara.
Udaletxe plaza eta Mercaderes kaleko tartean atzera geratu den seigarren zezenak, ordea, atzean jarraitzen zuen. Estafetan behin baino gehiagotan itzuli da atzera, eta korrikalariak harrapatzeko saioak egin ditu behin eta berriz. Estafetan adarrekin harrapatu du pertsona bat.
Telefonicako zatian ere indartsu eta korrikalariekin tematuta ibili da zezen hori: lurrera eroritako korrikalari bati eraso dio. Larrialdi zerbitzuek hesiaren azpitik atera ahal izan dute korrikalari hori.
Behin zezen-plazara sartuta, korrikalari bat adarkatu du zezen horrek, ahalegin handia eginez dobladoreek kortara eramatea lortu duten arte. Finean, bost minutu eta 33 segundo igaro dira entzierroa Santo Domingoko ukuiluetatik abiatu eta azken zezena plazako kortara sartzea lortu duten arte.
Iazko entzierroan ere arrisku handia eragin zuten Jandilla zezenek. Besteak beste, zezenetako batek gogor eraso zion Julen Madina korrikalari hernaniar ezagunari eta zauri larriak egin zizkion. Aurten berriro jo du zezenak Madina, baina kolpe batzuk baino ez dizkio eragin.
Sanferminak
Lau lagunek jaso dituzte adarkadak, orain arteko entzierro luze eta arriskutsuenean
Cadizko Jandilla ganadutegiko zezenek arriskutsuen sona dute, eta hala direla argi utzi dute gaur ere: aurtengo sanferminetan izan den entzierro luze eta arriskutsuena gertatu da gaurkoa. 5 minutu eta erditik gora iraun du, eta gutxienez lau korrikalarik jaso dituzte adarkadak. Udaletxeko plaza irteeran atzera geratu da zezen bat amildu ondoren, eta atzera itzulita ibili da behin baino gehiagotan. Mercaderesen, Estafetan eta Telefonicako zatian eta zezen-plazan bertan adarkatu ditu korrikalariak. Adarrez zaurituetako bat segurtasun lanetan zebilen udaltzain bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu