ATENTATUA. ETA. BOROAKO ZENTRAL TERMIKOA

Lau lehergailu zartarazi ditu ETAk Boroako zentral termikoan

Bonbek, indar txikikoak izanik, zentralaren inguruko hesiak belztu dituzte, bestelako kalterik eragin gabe

Onintza Enbeita
ZORNOTZA
2005eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean, 14:00etatik 14:15era bitartean, lau lehergailu zartarazi zituen ETAk Boroako (Zornotza) zentral termikoan. Ordurako, zentralean bertan eta alboko Finanzauto lantegian behar egiten duten langile guztiak kalean ziren. Izan ere, hiru ordu laurden lehenago, Gara egunkarira eta DYAra deitu zuten ETAren izenean, eta lau bonben berri eman zuten. Ertzaintzak jakinarazi zuenez, laurek egin zuten eztanda; ez zuten indargabetzeko astirik izan.

Kloratita karga txikia zuten lehergailuek eta oso kalte urria egin diote zentralari. Hura inguratzen duen hesian jarrita zeuden. Ertzaintzako iturrien arabera, hiru lehergailu zeuden hesiaren kanpoko aldean ipinita, eta bakarra barruko aldean. Guztiak ere 70 metro koadro inguruko erradioan. Bonbaren bat edo bestek hesia belztu zuten, baina orokorrean ia igarri ere ez da egiten kaltea. Hala esan zuen Ertzaintzak behintzat. Bestalde, berri agentziek zabaldutakoaren arabera, tenporizadoreak eta pilak aurkitu zituzten leherketen inguruan. Langileek azaldu zutenez, leherketak ia entzun ere ez zituzten egin. Izan ere, 13:40 aldera agindu zieten lantegitik irteteko, eta urrundu egin zituzten zentralaren ingurutik. A-8 autobidearen Zornotzako ordainlekuaren parean egon behar izan zuten luzaroan; harik eta Ertzaintzak autoen eta lantegi barruan utzitako euren gauzen bila joateko bidea zabaldu zien arte. Ordurako, 17:30 jota zeuden, eta hamabost laguneko taldeetansartu behar izan zutenez, batzuk 18:00etan ere zain zeuden oraindik, eguzkitan. Hasieran ikarak hartu bazituen ere, nahiko lasai zeuden langile gehienak. Haien artean barreka ere ari ziren batzuk, eta kazetariei adarra jotzen beste batzuk. Halere, kazetariekin hitz egiteko gogo larregirik ez zuten. Euretariko batzuek honela esan zioten elkarri, zentralaren kanpoaldean zain zirela: «Gehiegi da hau gertatuko zela bagenekiela esatea, baina txarto hasten dena txarto amaitzea, ez ei da arraroa». Pablo Murcia zentral termikoko pabiloietako bateko obra zuzendariak azaldu zuenez, «energia guztiok aprobetxatzen dugu, baina zentralak ondoko herrian jar ditzatela gura dugu». Haren berbetan, «bagenekien herritarrak proiektu honen kontra zeudena, baina honaino heltzerik ez genuen espero; nik ez behintzat».

Probetan ari zirelakoan

Boroako Zentral Termikoa datorren abuztuan jarri gura dute martxan. Bitartean, probetan ari dira: filtroak, turbinak, motorrak... dena ikuskatzen dihardute abuztuan martxan hasteko moduan egongo den edo ez jakiteko. Horrexegatik pentsatu zuen Murciak sirena entzun zuenean, probaren bat izango zela: «Larrialdietan lantegia zelan hustu probatzen ariko zirela pentsatu dut. Lehen mementoan horixe pasatu zait burutik: larrialdietarako irteera baten imintzioa egiten ari ginela».

Kanpoan, baina, esan zioten zer zen gertatzen ari zena. Berari eta beste guztiei. Barruan, oso gutxik jakin baitzuten zer gertatzen ari zen. «Irteteko esandigute eta gu atera egin gara», kontatu zuen neska batek. Beste batzuk, berriz, bazkaltzen zeudela harrapatu zituen berriak. «13:30ean lana amaitu eta bazkaltzera joan gara. Dena amaitu dugu, baina trasteak ez hartzea pentsatu dugu. Hobe genuela lehenengo bazkaldu, eta gero joatea gauzen bila. Hara orain! Itxaron egin behar», esan zigun gizon batek. Ertzainak eta udaltzainak bidea mozten ikusi arren, ez omen zuen sinetsi esaten ziotena: «Broma bat zela pentsatu dut. Istripua edo, beste edozer izango dela, baina holakorik imajinatu ere ez dut egin». Sinetsi edo ez, 18:00ak ondo jota atera zen lanetik atzo. Ertzainen helikopteroak zaindu zuen Boroako zerua langile guztiek irteteko aukera izan arte. Bitartean, bizilagunek, eta Boroako jatetxera bazkaltzera edo kafea hartzera joan zirenek gehiago gabe egiten zuten aurrera.

Polemika iturri zornotzarrentzat





boroako zentral termikoa. Herri eragile ugari eta hainbat alderdi agertu dira planta eraikitzearen aurka, baita zornotzar gehienak ere erreferendumean

ERREDAKZIOA - DONOSTIA

ZornotzakoBoroa auzoan ziklo konbinatuko planta eraikitzeko egitasmoak badu bere ibilbidea. Irlandako ESB enpresak Boroan zentrala eraiki nahi zuela jakin zenetik, manifestazio jendetsu eta protesta ekimen ugari izan dira herrian, Zornotza Bizirik plataformak deituta.

Ziklo konbinatuko planta da Boroan eraikitakoa, eta ESB enpresaren filiala den Bizkaia Energia enpresa arduratzen da kudeaketaz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzerriko enpresa batek inoiz egindako inbertsio handienaren emaitza da egitasmoa. Hain zuzen ere, 520 milioi euroko gastua izan du proiektuak. Eraikuntza lanak 2003an hasi zituzten, eta aurten hasi dira funtzionamendu probak egiten. Merkatuan abuztuan sartzea aurreikusi zuen enpresak, probak amaituta, eta egitasmoarekin aurrera egiteko asmo osoa duela agertu zuen atzo.Proiektuak, baina, haren aurkako mugimendu sendoa aurkitu zuen Zornotzako herritarren artean. Herriarentzat onik ekarriko ez zuen eta, aldiz, eragin negatibo anitz sortuko zuen egitasmotzat jo zuen Zornotza Bizirik plataformak. Manifestazio jendetsuak egin ziren. Zentralak ingurumenean eragingo zituen kalteak izan zituzten hizpide nagusiki egitasmoaren aurkakoek. Herenegun plataformak jakinarazi zuenez, airearen kutsadura maila neurtuta, «datu kezkagarriak» antzeman dituzte probak egiten ari diren egunotan.Mobilizazioez gain, herri galdeketa egin zuen ekimenak hainbat eragile eta alderdiren babesarekin tartean Batasuna, Eusko Alkartasuna eta EB-Berdeak, ziklo konbinatuko plantari buruz zornotzarren iritzia jakiteko. 2002ko apirilaren 17an egin zen erreferenduma.

Ezetza garaile

Boto eskubidea zuten zornotzarren %43k eman zuten botoa, Ðorotara 5.445 lagunekÐ, eta 5.352 zornotzar agertu ziren zentralaren aurka. Proiektuak aldeko 53 boto jaso zituen, halaber, eta 19 boto zuri eta 21 balio gabeko boto ere izan ziren. Parte-hartzea kontuan izanda, galdeketak egitasmoaren aurkako «gehiengo osoa» erakutsi zuela iritzi zion plataformak.

Aipatzekoa da hasiera batean Udalak egin behar zuela galdeketa, eta halaxe esan zuen garai hartako alkate Begoña Azarlozak, 2001eko urrian. Baina egin beharreko galdera aldatu egin zuen EAJk kudeatutako Udalak, eta herri galdeketa beharrean, «iritzi inkesta» egingo zuela esan zuen. Artean, galdeketa egiteko asmoa agertu zuten bere alderdiko zinegotziei espedientea ireki zien EAJk. Afiliatuei, egitasmoaren alde egin ezean, alderdia utzi beharko zutela ohartarazi zien alderdi jeltzaleak. Udalaren jarrera aldaketa ikusita, galdeketa bere kabuz egitea erabaki zuen Zornotza Bizirik ekimenak.

Hala ere, eraikuntza lanek aurrera egin zuten. Ibilbide horretan guztian zehar, EAJk izandako jarrera «antidemokratikoa» eta egitasmoaren atzean egon zitezkeen interes ekonomikoak salatu izan ditu Zornotza Bizirik herri plataformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.