Erreakzioak

Lau oinarriren gainean adostutako plan bat aldarrikatu du Arnaldo Otegik

Euskal Herria, zazpi lurraldeak, autodeterminazio eskubidea eta herri-kontsulta oinarritzat hartzen duen plan adostu baten alde agertu da gaur arratsaldean Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea. "Helburua Irlandan egin zuten moduko prozesu bat adostea da, proposamen bakar bat denon artean adostea, ezker abertzaleak ez baitu babestuko gatazka konpontzen ez duen plan bat", azpimarratu du. Otegik "Estatu politika egiteko garaia" dela nabarmendu du, eta "ez alderdien politika" egitekoa.

2003ko urriaren 25a
18:45
Entzun
Euskal Herriarentzako zorioneko eguna dela esanez hasi du Arnaldo Otegi Batasuneko eledunak gaur arratsaldeko agerraldia. "EAJk 24 urte eta gero Estatutua baliogabetzen duen proposamena mahai gainean jarri du eta ezker abertzaleak arrazoi politiko historikoei arrazoia ematen die", adierazi du Otegik.

Batasuneko kidearen arabera, "garbi" gelditu da autodeterminazio eskubidearik gabe ez dagoela etorkizunik. "Ziklo politiko berri baten aurrean gaude, eta bide berri hori seriotasun guztiarekin kudeatu behar dugu", azpimarratu du.

Espainiako Gobernua eta PP gaur Gernikan bildu izana kritikatu du Otegik, "Gernika suntsitu zutenak orain Gernikako Estatutuaren alde agertu baitira. Ezker abertzaleak irabazitako etapa bat da hori". Hurrengo etapa Euskal Herriaren burujabetza onartzea dela esan du eta laugarrena Espainian Euskal Herriko enbaxadore bat jartzea.

Eusko Jaurlaritzari eta Hirukoari ere zuzendu zaio Otegi. "Planak ez du gatazka gainditzen, eta ezker abertzaleak ez du parte hartuko gatazka gainditzen ez duen ekimen batean, ez baitira orain dela 25 urte egindako akats berberak errepikatu nahi", gogorarazi du Batasuneko kideak. Ezker abertzaleari plana ez zaiola gustatzen nabarmendu du Otegik, baina hala ere, bere baitan osagai interesgarriak badituela azpimarratu du, eta oinarri horien eztabaidan ezker abertzaleak parte hartuko duela. Euskal Herria, zazpi lurraldeak, autodeterminazio eskubidea eta herri-kontsulta dira Otegik aipatzen dituen oinarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.