Lau pasadizo

2012ko abenduaren 15a
14:06
Entzun

Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak Oroitarri liburua atera zuen 2008an, Azpeitiko eta inguruko bertsolarien pasadizoei buruzkoa, eta hona hemen Agirreren lau:

Isilik

Eztarria gozatu ezinda igaro zitzaion 2007a Joxe Agirreri. Urte txarra izan zuen eztarritik. Hartu bata eta hartu bestea, eta alferrik. Ezerk eraginik egin ez, eta beti eztarria itxita. Jendaurrean behin baino gehiagotan geratu zen kantatu ezinik. “Hori lotsa eta pena!”. Azkena, Ataunen. Hiru lagun ziren kantatzekoak, eta Andoni Egañarekin joan zen Agirre, Azpeititik. Lehendik ere ez zebilen santu, baina ez zuen berehalakoan halakorik gertatuko zitzaionik pentsatuko.

Jon Aizpurua zen gai-jartzen. Agirreri agindu zion aurreneko agurra botatzeko. Ia hasi baino lehen isildu zen. Lehenengo errima ere ezin izan zuen bota. “Pasatu nuen lotsa! Gaitasuna izan banu aldegingo nuen bistatik”. Besteek jarraitu zuten, eta bitartean Agirre atzean, jarrita, saio osoan zehar, beste aukerarik gabe. “Desanimatu egiten zara, gehiago inora ez nintzela joango pentsatu nuen. Negargarria. Pena handiena ba al dakizue zerk ematen duen? Jendeak pentsatuko zuela ‘horrek lehendik ere bazekien zer pasatuko zen’, baina hori ez da horrela izaten. Jakin banu ez nintzatekeen inola joango, baldinbaitere”.

Egunon!

Une txar asko pasatutakoa da Joxe Agirre ere, eta zaleek pantaila batean istant horietan bertsolariaren burutik zer pasatzen den jakingo balute, beldurtuta ihes egingo zuketela dio. Behin Imanol Lazkanorekin eta Joxe Lizasorekin konpromiso handirik gabeko afari batera joan, “kantuan hasi eta linbo!”. Bertsoa botatzen ari zenean, zer esan ez zekiela geratu zen. Errezilen izan zen.

Estuasunak ere bai, pasatu ditu, eta askotan, gainera. Laugarren punturako pentsatutako puntua hirugarrengoan botatzen denean, adibidez. “Zer esan behar da gero?”. Zenbait egunetan lagunak bertsoa bukatu eta nondik hasi ez dakiela askotan egon omen da. Nola-halako bat bota eta ateratzen da atakatik Agirre. “Nik behintzat, estuasun asko pasatu ditut. Bukaera pentsatu gabe askotan hasitakoa naiz, ez daukat lasai egoteko ohiturarik-eta! Besteak bukatu orduko hasi beharrarekin errima erraz bat hartu eta hasten naiz, batere pentsatu gabe. Eskerrak egun onak izaten ditugun...”.

Kalabozoan

Amezketan izan ziren Joxe biak, Agirre eta Lizaso, bertsotan, San Bartolome egunez. Hangoak eginda etxera lasai itzuli ziren. Gutxi uste zuten zer zetorkien gainera. Hurrengo egunean izan zen, Guardia Zibila Lizasoren bila joan zenean. Espainiako erregeari buruz bertsotan jarduteagatik kalabozoan sartu zuten.

Mikel Mendizabal eta Xabier Zeberio aritu ziren, beste saio batean, erregea bahitu behar zutela-edo esanez, eta haiekin batera biak zaku berean sartu zituzten. Lizaso kalabozora eraman zutenerako han ziren Mendizabal eta Zeberio. Agirre falta; izan ere, Bizkaian zen bertsotara joana, eta ez zuten topatu hurrengo egunean bere kasa aurkeztu zen arte. Egun batzuk egin zituzten barruan Lizasok eta Agirrek. Beste biak denbora gehiagoz eduki zituzten barruan.

Jose Maria Setien apezpikuak euren alde hitz egin zuela heldu zitzaion belarrira Lizasori. “Dicen que son analfabetos y aquì vienen hasta los obispos. ¿Pero quiénes son estos?”, esanez jardun zuten guardia zibilek.

Egun-pasak

Lehen, bertsotara joateko ibilera zelebreak egin behar izaten zituzten bertsolariek, autorik ezean. Joxe Agirre hiru egun pasatuta dago Uhizin, bertsotara joanda. Azkoitian Martitera bidean zegoen hoteleko andrea zen Uhizikoa, eta hark aginduta joaten zen Agirre Uhizira, San Migueletan.

Bertako etxe batean egiten zuten lo. Jan eta edan ere nahi adina. Bi egun Joxe Joakin Mitxelenarekin eta hirugarrengoa Jon Lopategirekin. “Txarrena, beti jende berberaren aurrean kantatzea izaten zen. Ez da ona hori. Ezin bertso igualik kantatu, beti zerbait esan behar!". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.