ATXILOKETAK

Lau pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak Hernanin eta Seguran, Beobiderekin lotura dutelakoan

Guardia Zibila miaketak egiten ari da Hernanin, Seguran, Larrabetzun eta Deustuan. Albiste agentzien arabera, larunbatean atzemandako Ibai Beobideri ezkutatzen lagundu izana leporatzen die Poliziak atxilotuei. Beobidek inkomunikatuta segitzen du.

2010eko otsailaren 15a
19:57
Entzun
Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu gaur Hernanin eta Seguran (Gipuzkoa), larunbatean atxilotutako Ibai Beobiderekin zerikusia duelakoan. Efe albiste agentziak zabaldu duenez, polizia iturriek uste dute atxilotuek ezkutatzen lagundu ziotela Beobideri. Hiru pertsona Hernanin atxilotu dituzte, eta beste bat, emakumea, Seguran. Efe agentziaren arabera, Hernanin adineko bikote bat atzeman dute, eta hirugarren atxilotua Juan Mari Maizkurrena Urkizu da. AAMren arabera, Euri Albisu da Seguran atzemandakoa.

Segurako atxiloketa Elorripe tabernan egin dute. Lekukoek Goierriko Hitza-ri adierazi diotenez, aurpegia estalita zeramaten guardia zibilak tabernara sartu dira, eta bezeroei alde egiteko agindu diete. Barruan zegoen Euri Albisu, eta atxilotu egin dute. Etxera eraman dute, eta hura miatzen ari da Guardia Zibila. Segurako Kale Nagusia itxita zuten 17:45ean, eta inguruak erabat hartuta.

Polizia operazioa ez dute amaitu, eta miaketak egiten ari da Guardia Zibila. Lau atxilotuen etxeak miatzen ari da Seguran eta Hernanin. Gainera, Bilboko Deustua auzoan guardia zibilak daudela jakinarazi du AAMk, miaketaren bat egiteko asmoz. Larrabetzun (Bizkaia) etxe bat miatzen ari dira Guardia Zibila eta Ertzaintza. Lekukoek adierazi dutenez, kalea itxita dute, eta bizilagunak etxera pasatu ezinik daude.

Bitartean, Ibai Beobide Arza gazte bizkaitarrak Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta jarraitzen du, albiste agentzien arabera, Madrilen. Larunbat arratsaldeko lehen orduan atxilotu zuten Beobide, Asteasu eta Villabona artean (Gipuzkoa), bizikletan zihoala. Guardia Zibilak emandako informazioen arabera, ohiko kontrol bat zeukaten jarrita, eta han atzeman zuten gaztea. Pistola bat, agiri faltsuak eta pen-drive bat aurkitu zizkiotela diote. ETAko kide izatea leporatzen diote.

Atxilotu eta ordu gutxira Donostiako ospitale batera eraman behar izan zutela jakin zen; 17:30 aldera berri agentziek zabaldu zuten bertan zegoela azterketa mediku bat egiteko. Minutuak pasatu ahala, ordea, berri agentzien bertsioa aldatuz joan zen. Berriro ikerketa iturriak aipatuz, zabaldu zuten atxilotua ospitalera eraman behar izan zutela bere burua zauritu zuelako Guardia Zibilaren patrolaren aurka bere burua joz. Orduan jakinarazi zion atxilotuak bere izena bertako medikuari. Buruan zuen zauri «arin» batean puntuak eman behar izan zizkion.

Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta dagoen aldian Beobidek jaso dezakeen tratuarekin kezkatuta azaldu da AAM Amnistiaren Aldeko Mugimendua. Atxilotuaren abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio torturak saihesteko neurriak hartzeko: besteak beste, atxiloaldia kameraz grabatzea, konfiantzako medikuak ikustea, eta senideei haren egoerari buruzko informazioa ematea. Erantzunik ez du jaso artean. Bitartean, protestara deitu du AAMk. Bilboko San Ignazio auzoan manifestazioa egingo dute gaur iluntzean, 20:00etan, Levante plazatik abiatuta.

2008az geroztik, ihes eginda

Berri agentziek jakinarazi dutenez, erakunde armatuak 2008ko abenduaren 31n EITBko Bilboko egoitzaren aurka egindako atentatuarekin zerikusia izatea leporatzen dio Guardia Zibilak Beobideri. Furgoneta bat eztandarazi zuen ETAk. Kalte handiak izan ziren, baina zauriturik ez.

Iturri beren arabera, Ibai Beobide ihes eginda zegoen 2008ko abenduaz geroztik. Abendu hartako 8an sei lagun atxilotu zituzten Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak. Lehenak Aitzol Iriondo, Eneko Zarrabeitia eta Aitzol Artetxe atxilotu zituen Gerden (Pirinio Atlantikoak), eta Guardia Zibilak, berriz, Ibai Egurrola, Javier Gutierrez eta Amets Ladislao, Irunen (Gipuzkoa). Bi egun geroago, Mari Mertxe Alcocer eta Maribel Prieto atxilotu zituzten, haien etxeak miatu eta gero Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia). Ibai Beobidek polizia operazio horren ondotik ihes egin zuela ondorioztatu du Guardia Zibilak, ikerketa iturrien arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.