Nafarroako Gobernuak protokolo bat sortuko du, neskatilen sexu erauzketari aurre egiteko asmoz.
Gaur jakinarazi dute, 2008 eta 2011 artean, lau urtean, 203 neskatori erauzi dietela sexu organoa Nafarroan.
Gobernuaren arabera, jatorrizko herrialdeetara egin dituzten bidaietan egin dizkiete erauzketa horiek.
Datu zehatzak eskuratzea ia ezinezkoa dela azaldu du Iñigo Alli Gizarte Politikarako kontseilariak, baina estimazioek kopuru hori ematen dutela erantsi du.
"Nafarroan bizitzen ari diren neska immigranteak dira, oporretako bidaietan jatorrizko herrialdeetara joan eta han, errito arruntari jarraituz, tratu txar hori jasaten dutenak", esplikatu du Allik.
Gizarte Politikarako Departamentuak, Hezkuntzakoak, gizarte eragileek, fiskaltzak, Guardia Zibilak, Foruzaingoak eta udaltzaingoek parte hartuko dute erauzketaren aurkako protokoloan.
Prebentzioa landu nahi du protokolo horrek, eta estamentu eta eragile guztiek parte hartzea eta trebatzea bilatuko du.
Genero indarkeriari buruzko jarduerei buruzko informazioa emateko agerraldi batean eman ditu datu horiek Allik.
Nabarmendu du gazteen artean handitu egin dela indarkeriarako joera, eta kezkagarritzat jo du datua.
Nafarroan, iaz, 1.200 salaketa aurkeztu zituzten emakumeek genero indarkeriagatik; kopuruak behera egin duen arren, "larriak" direla onartu du Allik.