Parisko Auzitegi Korrekzionalak lau urteko espetxe zigorra jarri dio Peio Irigoieni eta bostekoa Mattin Olzomendiri, 2007 eta 2009 artean etxe agentzien eta golf zelai baten kontrako erasoetan parte hartzea leporatuta. Hamabost hilabetez preso egon ondoren, joan den uztailaren 6an egin zieten epaiketa Beskoitzeko bi lagunei. Fiskalak seina urteko zigorra eskatu zuen. Irigoienek kartzela zigorreko lau urteetako bat ez du bete beharko, epaiaren arabera.
Donapaleu eta Kanboko bi etxe agentzietan eta Basusarriko golf zelaian etxean egindako lehergailuak jarri izana egotzi diete. Hiru lehergailuek ez zuten eztanda egin. Epaiak dio ekintzen egilea Olzomendi izan zela, eta besteari lehergaiak edukitzea leporatu dio.
Iazko martxo bukaeran atxilotu zituen Frantziako Poliziak, beste sei gazterekin batera. Beste seiak askatu egin zituzten. Irigoien hastapenetik Nanterren da preso, beste euskal herritar batzuekin. Olzomendi Chateaurouxen da, eta azkenaldian bakartua; behin baino gehiagotan aldatu dute kartzelaz.
Preso direnetik, elkartasunez, hainbat kontzertu, manifestazio, gaualdi eta elkarretaratze antolatu ditu Goxabiju batzordeak.