Genero indarkeria

Laudioko eta Orozkoko plazak bete egin dira Elezkanoren hilketa salatzeko

Bart gauean hil du ustez bere bikotekideak Amagoia Elezkano, eta Ertzaintzak atxilotu egin du gizona. Elezkano Orozkokoa zen, eta 26 urte zituen. Bikotekideak 49 urte ditu. Laudioko Udalak elkarretaratzera deitu du 20:00etarako herriko plazan; 19:00etan elkartu dira, Orozkon. Mobilizazioak deitu dituzte hainbat herri eta hiritan. Bideoa hemen

2013ko maiatzaren 23a
12:08
Entzun

Amagoia Elezkano ustez bikotekideak hil duen gaztearen gertaera salatzeko hitzordu asko egin dituzte. Orozkon hasi dute 19:00etan, Elezkanoren jaioterrian. Herriko plazan hainbat eta hainbat izan dira hilketaren kontra protesta egin duten herritarrak, plaza bera betetzeraino. Aurretik ezohiko udalbatza egin dute, eta Elezkanoren hilketa salatu du. Laudion ere jendetza batu da 20:00etan, Udalak deituta. Ezohiko osoko bilkura egin dute ordu erdi lehenago, adierazpen bat hitzartzeko.

Ertzaintzak 05:30 aldera jaso du hilketaren abisua, gizonezkoaren arrebak deituta. Zenbait iturriren arabera, gizonak berak ohartarazi zuen arreba. Laudioko Urumea kaleko 4. zenbakian gertatu da erasoa, eta Poliziak etxebizitzara joan direnerako hilik zen andrea. Labana batez egin diote eraso. Atxilotuak 49 urte dauzka.

Etxean bertan zegoen gizonezkoa, eta han atzeman dute ertzainek. Emakumea hiltzeko erabilitako labana ere bertan topatu dute. Gainera, haur txiki bat ere aurkitu dute etxean, onik. Abisua eman duen andreak hartu du bere gain haurraren zaintza.

Portugaletekoa da atxilotutako gizona, eta Orozkokoa andrea, Bizkaikoak biak. Hilotza etxean da oraindik, epaileak gorpua eramateko agindu artean.

Eusko Legebiltzarrean ere Laudioko hilketa gaitzetsi dute, gaur goizean, osoko bilkura hasi baino lehen. Minutu bateko isilunea gorde dute.

Indarkeria matxistaren eraginez aurten hildako lehen emakumea da Lezkano. Maiatzaren 9an, senar-emazte batzuen gorpuak aurkitu zituzten Gasteizko etxebizitza batean, indarkeria zantzuekin.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi zuen Gasteizko heriotzaren atzean bi hipotesi ikertzen ari dela: genero indarkeria —gizonak emakumea hil, eta gero bere buruaz beste egitea—, eta suizidioa. Gaur galdetuta, Jaurlaritzak ez du gertakari hartan landutako hipotesirik baieztatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.