2019ko hauteskundeak Nafarroan

Laukoak eutsiko lioke gobernuari, EITBren inkestaren arabera

Ciudadanosek 3 ordezkari lortuko lituzke, baina UPNk bi galduko lituzke, eta PP ordezkaririk gabe geratuko litzateke. Ahal Dugu-k galdutakoak Ezkerrak hartuko lituzke.

Uxue Barkos —bigarrena ekerretik— eta bere gobernua babestu zuten beste alderdietako kideak, gobernu akordioa sinatu zutenean, 2015eko uztailaren 17an. VILLAR LOPEZ (EFE)
2018ko ekainaren 6a
15:52
Entzun

Egun oposizioan dauden alderdiek ezingo lukete gobernua osatu Nafarroan, EITBren Fokus inkestaren arabera. UPNk irabaziko lituzke Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak, baina egun dituenak baino bi eserleku gutxiago izango lituzke (15etik 13ra jaitsiko litzateke), eta PPk ez lioke eutsiko egun duenari. Bi alderdi horiek galdutakoak Ciudadanosek hartuko lituzke, hiru ordezkarirekin —egun ez du—. PSNk egungo berberak izango lituzke (7).

Horiek hala, Uxue Barkos buru duen lauko gobernuak gehiengoari eutsiko lioke, alderdi horiek berriro akordio bat lortuta.

Geroa Baik bigarren jarraituko luke, bi ordezkari gehiagorekin: 11rekin. EH Bilduk egun duten babesari eutsiko lioke, 8 eserlekurekin. Ahal Dugu-k hiru parlamentari galduko lituzke (4 izango lituzke), eta Ezkerrak (I-E) bi eserleku irabaziko lituzke (4 izango lituzke).

Iruñeko Udalean, egungo indar banaketak jarraituko luke, aldaketa gutxirekin, eta, beraz, Joseba Asiron alkateak karguan errepikatu ahal izango luke, bera sostengatzen duten alderdiek berriz babestuz gero.

Bozak, baina, UPNk irabaziko lituzke, baina zinegotzi bat gutxiagorekin (9), Ciudadanosen mesedetan. EH Bildu izango litzateke bigarren indarra botoetan, eta Geroa Bai, hirugarrena. Biek 5na ordezkari izango lituzkete. Aranzadik ordezkari bat galduko luke, I-Eren mesedetan. 2na zinegotzi izango lituzkete.

PSNk 3 zinegotzi eskuratuko lituzke, eta Ciudadanos udalean sartuko litzateke, zinegotzi batekin.

Maiatzaren 14tik 21era egin zuen inkesta Gizaker enpresak EITBerentzat. Nafarroan bizi diren 600 herritarri galdetu zien: 350 Iruñean eta 250 gainerako udalerrietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.