Laura Mintegi izango da Euskal Herria Bildu koalizioko lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. EH Bilduk 11:30ean hori jakinarazteko agerraldia zuen Bilbon, Carlton hotelean, baina ekitaldia hasi aurretik baieztatu du berria.
Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak sarrera egin ostean, Mintegik hartu du hitza, eta esan du EH Bilduren "gaurko hiru mezu nagusiak normalizazio politikoa, erabaki eskubidea eta justizia soziala" direla.
Eusko Jaurlaritzara heldu nahi dutela nabarmendu du. "Jaurlaritzara joan nahi dugu egiteko, ez egoteko. Jaurlaritza baliabidea da, tresna, ez helburua, gure helburua delako Euskal Herri normala, justua eta buruaskia lortzea".
Politika "beste era batera" egin daitekeela aldarrikatu du, "modu parte hartzaileago, solidarioago eta horizontalean" arituta. "Ustelduta dagoena zaharberritzen hasi beharko dugu; demokrazia bera, alegia.".
"Bakea eraiki" gura dutela ere adierazi du, baina ohartarazi du bakea ez dela soilik ETAren jarduerarik gabe lortzen. "Justizia" eta erabakiak gauzatzeko eskubidea aldarrikatu ditu.
"Ezkerraren balioak" aintzat hartuta ariko da EH Bildu; haren arabera, "kapitalismo basatiari" aurre egin nahian.
Euskaraz eta gaztelaniaz mintzatu da Mintegi, Soluzio argiak leloa zeukan kartel handi baten aurrean. 11:55ean amaitu da agerraldia.
Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute EH Bildu, eta lau indarretako ordezkariak zeuden Bilboko ekitaldian. Txalo zaparrada batez agurtu dute euren lehendakarigaiaren hitzaldia.
EHUko irakaslea, idazlea...
Historian lizentziaduna eta Psikologian doktore da Mintegi, eta urteak daramatza EHUko irakasle lanetan, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean.
Idazle ere bada; hainbat eleberri argitaratu ditu: Bai... baina ez (1986), Legez kanpo (1991), Nerea eta biok (1994), Sisifo maite minez (2001) eta Ecce homo (2006), besteak beste. Lehen liburua Ilusioaren ordaina izan zuen, 1983an argitaratua. 1999an saiakera bat idatzi zuen: Sujektibitatea euskal nobelagintzan: Stephen Crane-ren 'The Red Badge of Courage'. 1988an biografia bat: Julene Azpeitia.
Literatur sari batzuk irabazi ditu; horien artean, Azkue Nobela saria, Donostia Hiria eta Jon Mirande.
Euskaltzain urgazle da 2006tik, eta 2004tik Euskal PEN klubeko lehendakaria. BERRIAn zutabegile izan zen. Egunkaria-n ere kolaboratu zuen, baita beste hedabide batzuetan ere.
Iaz, Espainiako Kongresurako bozetan Amaiur koalizioko zerrendetan aurkeztu zen. Independentistak sarearen agerraldi batzuetan ere agertu izan da.
Lizarran jaio zen arren, txikitan Bilbora joan zen bizitzera, eta gaur egun Getxon bizi da, Algortan.
Hauteskundeak irabazteko helburua
Bozetarako xedea garbi dutela adierazi zuen Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak ostiralean Euskadi Irratian: lehen indarra izatea. ”EH Bilduren helburua hauteskunde hauek irabaztea da. Lidergo berri bat behar da”. Bozen ondotik koalizioa prest legoke EAJrekin elkarlanean aritzeko, Etxeberriaren arabera, baina ohartarazi zuen jeltzaleek "paradigma berri bat" behar dutela eta azken 35 urteetan egin duten politikak ez duela gaur egun balio.
Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak 2009ko martxoaren 1ean izan ziren. Berez, 2013ko otsailean edo martxoan izango dira, baina litekeena da aurreratzea, Patxi Lopezen (PSE-EE) gobernua legebiltzarrean gutxiengoan geratu baita PPrekin lankidetza hautsi ostean.
Beste lehendakarigaiak
Oraindik guztiak formalki baieztatu gabe badaude ere, EAJko lehendakarigaia Iñigo Urkullu EBBko presidentea izango da, PSEkoa Patxi Lopez idazkari nagusi eta Jaurlaritzako lehendakaria, PPkoa Antonio Basagoiti EAEko alderdiko presidentea eta UPDkoa Gorka Maneiro eusko legebiltzarkidea. IU-Ezker Anitza taldeko baliteke Mikel Arana eusko legebiltzarkidea eta koalizioko koordinatzailea izatea.