Ahal Dugu-ko ordezkari gisa aritu da Laura Perez Nafarroako Parlamentuko eledunen batzarrean eta mahaiaren bileran. Alderdiko zuzendaritzak hartutako erabakiari buruz galdetuta, Perezek nabarmendu du Ahal Dugu-ko kide izango dela estatuko bermeen batzordeak kontrakorik erabaki bitartean.
Perezek salatu du zuzendaritzak hartutako erabakia "etikoki iraingarria eta juridikoki oinarririk gabea" izan dela, eta, hala, bera Ahal Dugu-ko ordezkari dela oraindik. "Zuzendaritzarekin kritiko garen parlamentariok normaltasunez lan egin nahi dugu, eta hala jarraituko dugu, 46.000 bozkatzailerekin hartutako konpromisoak betetzen".
Dena den, zehaztu du ez duela oraindik erabaki zer egingo lukeen estatuko berme batzordeak Nafarroako zuzendaritzaren erabakia berretsiko balu. "Botere banaketan sinesten badugu, norbait kanporatu ahal izateko txosten bat zabaldu beharko litzateke, defentsarako eskubidea bermatu eta ebazpen bat onartu, eta halakorik ez dute egin. Beraz, alderdikide gara guztiok".