Lauzurika tanatorian jarri dute Knörren hil kapera

Euskaltzain eta filologoa atzo hil zen, gaixotasun larri baten ondorioz. Bihar egingo dituzte hiletak.

2008ko maiatzaren 1a
16:32
Entzun
Euskararen ikerkuntza bizitzeko jarrera izan zuen Henrike Knörrek (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1947). Euskal testuen ikerketa, toponimia eta onomastika zituen ikerketagai eta irakasgai, eta zaletasun. Azken unera arte jarrera horri eutsi zion, atzo gaixotasun luze baten ondorioz hil zen arte. 61 urte zituen.

Euskaltzaina, filologoa eta irakaslea, gizon zorrotza zen Henrike Knörr, eta alor horietan guztietan nabarmendu bazen bere izaera zorrotzagatik izan zen. «Euskarak, euskal kulturak eta unibertsitateak funtsezko pertsonaia eta pertsona handi bat galdu dute», nabarmendu zuen atzo Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta euskaltzainak. Azkaratek bezala, Knörren jakintza eta gizatasuna azpimarratu zituzten haren kideek.

Henrike Knörren aldeko hileta elizkizunak bihar egingo dira Gasteizko Pilar Andra Mari elizan 19:30ean, eta lur ematea 10:00etan izango da. Gaur hil-kapera Lauzirika funerarian jarriko dute.

ONOMASTIKA ETA TOPONIMIA, ARDATZ. Zorrotza zen bere ikerketetan. Eta emankorra. Gaixorik egonagatik ere lanean jarraitu zuen eta bere hainbat lanen argitalpena ezagutu gabe hil da filologoa, Gasteizko hiriaren toponimiari buruz egindako lanaren argitalpena ezagutu gabe, esate baterako. Eta Iruña-Veleiako aztarnategiko ikerketak ere zurtz gelditu dira.

Euskaltzaindiaren Iker saileko burua zen Knörr 2004ko abendutik. Aurrez Euskaltzaindiko buruorde izan zen 1995etik 2004ra bitartean, eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkari. 29 urte zituela sartu zen Euskaltzaindian, euskaltzain urgazle moduan, eta bi urtera izendatu zuten euskaltzain oso, 1977an. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan bezala, Euskaltzaindian onomastikako gaiak landu zituen, eta Onomastikako batzordea sortu zuen. Leku eta pertsonen izenen ikerketaz, bibliografiaz, etnografiaz eta euskal testuez ikertu eta idatzi zuen sail horren barruan.

Euskaltzain oso izendatu zuten urte berean Koldo Mitxelenaren laguntzaile jardun zuen Arabako Ikastetxe Unibertsitarioan, eta hurrengo urtean Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatean irakasle hasi zen, eta lan hori gauzatu zuen azkenera arte. 1987an Euskal Filologiako Doktore titulua eskuratu zuen, Maurice Harriet apaizaren hiztegi argitaragabeari buruz Mitxelenaren zuzendaritzapean egindako tesiarekin, eta 1995. urteaz geroztik Euskal Filologiako katedraduna zen. Arabako campuseko lehenbiziko erretoreorde izan zen, 1981etik.

Irakasle bezala ere zorrotza izatearen fama zuen Knörrek. Euskal Filologiako ikasketetan gainditzen zailenetakoa zen Euskal testuak irakasgaia, berak ematen zuen irakasgaietako bat. Morfema baten jatorriaren gaineko azalpenetik harago, ikaslearen heziketa osoak arduratzen zuen irakaslea. Utzikeriak mintzen zuen eta kritikotasun faltak sumintzen.

Baina euskaraz gain, euskal kulturak eta harago euskal gizarteak arduratzen zuen Henrike Knörr. Onomastikaz edota toponimiaz zuen jakintzaz beste, politikaz edota gizarte gaiez idatzi ohi zuen prentsan. Duela bi urte idatzitako El opio de las selecciones nacionales artikuluan hainbat kezka plazaratu zituen: «Kulturaren endekatzeaz» edo «Unibertsitate publikoaren egoera penagarriaz» idatzi zuen, eta «tren sarearen egoera laidogarriaz» edo «herrien eta hirien zikintasunaz» kexatzen zen. «Eskandalagarria» zitzaion naturaren eta paisaiaren «suntsiketa ankerra». «Entxufismoa eta partitokrazia» deitoratzen zituen, eta «barkaezinezko bekatutzat» ematen zuen ETBren kasua, «amesten genuen telebista haren karikatura».

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.