Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak kaleratu duen autoaren arabera, zantzu argiak daude iaz Gazteluko (Donamaria, Nafarroa) leize batean hilik topatu zuten Iñaki Indart gaztea haren aita Jose Antonio Indartek hil zuela frogatzeko —atxilotu egin zuten ekainean—. Hori horrela, ustezko hilketa delituaren tramitearekin aurrera jarraitzea erabaki du. Datorren astelehenean epaitegira agertzeko eskaera luzatu die fiskalari, gaztearen aitari eta gaztearen ama zein arrebari.
2008ko martxoan, mozkorturik eta istripu bat izan ostean etxera bidean zihoala, aitarekin egin zuen topo Iñakik. Eztabaida baten ondotik, aitak gaztea jo eta larri zauritu zuela jaso du epaileak autoan. Bertan zehazten duenez, oraindik bizirik zela bota zuen leizera. Epailearen arabera, ohikoa zen aitak bere semeari tratu txarrak ematea.
Gaztea desagerturik izan zen 2008tik iaz leizean haren gorpua topatu zuten arte. Epaileak gaineratzen du gaztea desagertu zen egunari buruz haren aitak emaniko bertsioa eta honen emaztea eta alabak emanikoa ez datozela bat.
Guardia Zibil bat ikerketa oztopatzen
Iñakiren aita ez ezik, Etxalarko koarteleko guardia zibil bat ere salatu du epaileak bere autoan. Epaileak dio ikerketa oztopatzen ahalegindu dela. Bere kontrako prozedura irekitzeko agindua ere eman du.
Iazko abenduan aurkitu zuten Iñaki Indarten gorpua Gaztelun, leize batean. 36ko gerran hildako pertsona batzuen gorpuen bila ari zen talde bat, eta usteltzen hasitako gorpu bat topatu zuten. Autopsiak baieztatu zuen Iñaki Indarten gorpua zela. Legasakoa zen mutila, eta 24 urte zituen.