Hondakinen atez ateko bilketari buruz Legazpin (Gipuzkoa) asteburu honetan egitekoa den herri galdeketa ez da "garbia", Kepa Urzelai alkatearen esanetan.
Zehazki, adierazi du botoa emateko aukera beste pertsona baten esku uzteak galdeketaren sinesgarritasuna eta zilegitasuna kolokan uzten dituela.
"Galdeketa ez da garbia, demokrazian pertsona bat boto bat delako eta galdeketa honek aukera ematen duelako botoa delegatzeko".
Bestalde, Legazpin erroldatuta egon edo ez herrian etxea duen edonork botoa eman ahal izatea ere ez du egoki ikusten udalak.
"Emaitzak nahi bezala erabiltzeko asmakizuna besterik ez dela ematen du", esan du Urzelaik.
Herritarrei galdetzea "oso ondo" iruditzen zaiola zehaztu du alkateak, baina galdeketa egiteko moduarekin ez datorrela bat ñabartu du.
Galdeketak herrian "giroa are gehiago" gaiztotuko duela uste duela ere erantsi du.
Bestalde, alkateak azaldu du negoziazio mahai bat sortu zutela, eta, "elkarrengandik hain gertu egon eta gero", atez atekoaren aurkako plataformak ez duela "ezertarako" kontuan hartu udal gobernua.
Galdeketaren antolatzaileak EAJko kideak direla nabarmendu du Urzelaik, eta jeltzaleei leporatu die "trikimailuak" erabiltzea udal gobernuari politika egitea "oztopatzeko".
Ez duela galdeketa oztopatuko adierazi du udal ordezkariak, nahiz gobernuko kideek ez dutela parte hartuko ere zehaztu duen.
Hiri hondakinen %35 "soilik" birziklatzea ez dela onartzekoa, eta atez ateko bilketarako auzoetan egiten ari diren bilerekin jarraitzeko asmoa agertu du udalak. 600 pertsonak parte hartu dute orain arte, gogorarazi duenez.
Errauste planta, "negoziorik kaltegarriena"
"Errauste planta oso negozio borobila da enpresa eta bankari zehatz batzuentzat, baina oso negozio txarra gipuzkoarrentzat", salatu du Ainhoa Intxarraundieta EH Bilduko kideak.
Zubietako errauste plantarako ingeniaritza lanak emateko irregulartasunak, eta azpiegitura hori finantzako swap finantza produktuak kontratatzeak adierazten dute errauste plantaren atzean "negozioa" zegoela, Intxarraundietaren arabera.
"Askotan galdetzen digute kanpokoek ea zergatik daukagun liskar politiko hain handia Gipuzkoan, eta erantzuna horixe da: EAJk Zubietan errausketa planta bat kosta ahala kosta egin nahi duelako", adierazi du EH Bilduko kideak.
EAJk atez atekoaren aurka egiteko plataformak antolatzearen arrazoia ere hori dela ohartarazi du Intxarraundietak, atez ateko bilketak birziklatze tasa handitu eta, horrela, errauste planta "bideraezin" bihurtzen delakoan.
"Gipuzkoako erakunde nagusietan, diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko makinaria oso bat" zegoela salatu du Intxaurrandietak: "Baina orain, zorionez, eredu hori iragana dela esan dezakegu".