Gizon bat hil zen larunbat goizaldean Legazpin (Gipuzkoa), lapurreta batean jasotako kolpeengatik. 50 bat urte zituen. Lehen hipotesien arabera, bi gaztek eraso egin zioten, lapurreta egiteko. Ertzainek topatu zuten gizona, eta larri eraman zuten Donostia ospitalera. Arratsaldean hil zen. Hilketarekin lotuta, bi gazte atxilotu dituzte. Ertzaintzak azaldu du haietako bati hildakoaren agiriak eta bankuko txartela atzeman dizkiotela. Atxilotutako biak aske utzi zituzten, baina berriro atxilotzeko agindu zuen geroago epaileak, eta espetxeratzeko agindu. Martuteneko kartzelan daude.
Jaietan dira Legazpin, eta zaintza lanak egiten ari ziren polizia batzuek aurkitu zuten gizona zaurituta goizaldean, 03:00 aldera. Eliza inguruan zegoen, kordea galduta; buruan kolpe handi bat zeukan. Ertzaintzak jakinarazi du inguruan zebiltzanen lekukotasunei jarraituz bi gazte identifikatu zituztela. 19 urte ditu batek; 30 besteak. Lekukoen arabera, eraso egin zioten gizonari. Atxilotu egin zituzten, indarkeriaz lapurreta egitea egotzita. Epailearenera eramango dituzte.
Udalak goizean bertan salatu zuen erasoa: "Hauek ez dira Legazpin nahi ditugun festak". Hamabost minutuko elkarretaratzera deitu zuen, eta mila bat lagun elkartu ziren hilketa salatzeko. Ostiralean ekin zieten jaiei Legazpin, eta asteazkenean amaituko dira.