HOMOFOBIA

Lege bat, erasoei aurre egiteko

Irungo Eskina Mosku tabernako jabeak hiru urtean pairatu duen jazarpen homofoboa salatu ostean, agerian gelditu da halako gertakariei aurre egiteko mugak dituela egungo araudiak. LGTBI kolektiboaren diskriminazioaren kontrako lege bat eskatu du Gehituk.

Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunean Donostian eginiko elkarretaratze bat. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Eider Goenaga Lizaso.
2016ko urriaren 21a
16:08
Entzun

Irungo Eskina tabernan pairatzen ari diren hiru urteko erasoa ez da jarrera orokor bat. Salbuespena ere ez da, ordea. Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak salatu duenez, “gure lurraldean azken boladan gero eta maiztasun handiagoz gertatzen ari dira ezaugarri bereko gertakariak”. Kezka agertu du Gehituk horren harira, eta halako jazarpenei aurre hartzeko ezinbesteko jo du EAEn berdintasunaren aldeko eta LGTBI (lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexual) kolektiboko pertsonen diskriminazioaren kontrako lege bat onartzea. “Une honetan, Irungoa bezalako kasuei aurre egiteko tresnarik ez dugu. Epaitegietan oso bide luzea egin behar da, eta behar den erantzuna ez da iristen. Agian, lege bat balego, konponbide bat izango zukeen”, esan du Aintzane Muguruza Gehituko koordinatzaileak.

Nafarroan ari dira lege bat lantzen, baina jada indarrean dauden legeei erreparatu diete Gehituko kideek. “Hiru esperientzia daude estatuan: Galizia, Katalunia eta Extremadura. Galizian izan ziren lehenak, baina ia asmo onen adierazpen hutsean gelditu zen, ez zirelako neurri zehatzak ezarri. Katalunian eta Extremaduran bai, zehaztu dira neurriak eta jarduteko moduak. Guretzat, begiratzeko moduko bi eredu dira”, azaldu du Jesus Estonba Gehituko kideak. Berdindu LGTBI kolektiboko kideei informazioa eta artapena eskaintzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuko koordinatzailea ere bada Estonba, eta Gehituko ordezkaria da Eraberean sarean (arraza, etnia edota nazio jatorriak zein sexu orientazioa eta genero identitateak eragindako diskriminazioari aurre egiteko sarea).

Estonbari lege horietan jaso diren bi neurri zehatz iruditzen zaizkio interesgarriak. “Lehena da zigor araubide bat zehazten duela. Alegia, egiten duenak ordaindu egin behar duela, eta delitu ekintza bat baldin badago ezin dela zigor gabe gelditu. Bestea da frogatu beharraren karga ez dela biktimaren gain erortzen, ustezko delitugilearen gain baizik. Alegia, niri belarrondoko bat ematen badidazu, ez dut nik frogatu behar jo nauzula, zuk frogatu behar duzu ez nauzula jo”. Estonbari bi neurri garrantzitsu iruditzen zaizkio horiek, eta bai Gehituri ere, talde gisa. “Neurri gehiago ere badaude, noski; horiek bi baino ez dira”.

Legeak, horrez gain, erakundeen betebeharrak, hezkuntza alorrean egin beharreko jarduerak eta abar zehazten ditu. LGTBI kolektiboaren kontrako diskriminazio eta erasoei amaiera emateari begira, epe labur eta luzerako neurriak dira. Arazo handiena, baina, epe laburrerako erantzunekin ikusten du Estonbak. “Izan ere, gaur egun, irain, mehatxu eta erasoak gertatzen direnean ohiko bidea salaketa jartzea da, baina salaketa horiek garamatzaten lekura eramaten gaituzte, eta ibilbide motza eta mugatua dute”. Salaketa judizialen bidea, gainera, luzea dela nabarmendu du; eta, Pablo Campo Eskina tabernako jabeak kontatutakoari eutsita, salaketak giroa gaiztotu dezakeela azaldu du. “Bost salaketa jarri ditu Pablok, baina nora eraman dute? Bada, inora ez. Are gehiago, giroa gaiztotu dute. Hasieran, arazo bat zuten, baina, salaketak jarri ondoren, lehen arazoa zeukaten tokian orain arazo eta erdi daukate. Zuk salaketa jartzen didazu, salaketa hutsean gelditzen da, eta orduan zure kontrako jarrera handitu egiten da, salatu egin nauzulako. Konponbide zaileko gurpil zoro batean sartzen gara”.

Mikro-homofobia

Irungoaz aparte, erasoak izan badira, eta eraso fisikoetara iritsi gabe, irainak eta mespretxuak eguneroko kontua direla azaldu du Muguruzak. “Egia da azken urteetan eskubideen aldetik asko aurreratu dugula, kolektiboaren eskubideak asko handitu dira; baina, gizartean eman diren aldaketei dagokienez, irakurketa ez da hain positiboa”. Muguruzak “muturreko gertakaritzat” jotzen du Irunen gertatutakoa: “baina, maila txikiagoan, homofobia oso presente dago gure bizimoduan, normaltzat ikusten da, eta kolektiboko jende askok ia onartu bezala egiten du halakoak pairatzea”.

Estonbak “tristea eta tamalgarria” iritzi dio egoera horri. “Egoera mikroak dira, eskuetatik ihes egiten digutela dirudi; halakorik ez dagoela ematen du, baina badaude. Eta oso zailak dira frogatzeko, oso modu sotil eta ezkutuan gertatzen direlako. Komentario bat, mespretxuzko begirada bat, airera botatako ‘marikoia!’ bat… argi dago horiek ez direla epaitegietara iritsiko, baina homofobia hor dago, eta ni hori sufritzen ari naiz. Benetan ba al daukagu horren gaineko kontzientziarik?”.

“Gogorra da, baina ikasi egin dugu irain horiek eramaten, jasaten, toleratzen… ez dakit zein hitz erabili. Ia onartu bezala egiten ditugu”, gehitu du Muguruzak. Haren arabera, LGTBI kolektiboko kideek onartua dute “gutxiengo bat” direla, eta egungo ereduak ezartzen duen eredutik ateratzen diren guztiak bezala “erasoen jopuntu” bihurtzen direla, “ezberdinak izateagatik”. Hori horrela izateak, ordea, ez du esan nahi jokabide hori onartu behar denik. Are gehiago, LGTBI kolektiboak eta Gehituk berak “normaltasunera jotzeko ahalegina” egiten dutela azaldu du. “Gu saiatzen gara gure maitasun adierazpenak, gainerakoek bezala, normaltasunez egiten, kalean ere bai, nahiz eta jakitun izan horrek sua piztu dezakeela”. Muguruzaren hitzetan, hori ere izan daiteke arrazoia irain eta eraso homofoboak areagotzeko. “Ezkutuan eta etxe barruan egiten den bitartean, jendeak eraman egiten du; badaki existitzen zarela, baina ez zaituzte ikusi behar, beraz, ez da ezer gertatzen. Baina, zenbat eta azalerago egon, gure presentzia zenbat eta nabariagoa izan, hemen gaudela, hemen bizi garela, gizartean gaudela eta normaltasunez bizi garela, horrelako adierazpenak ere areagotu daitezkeela pentsatzen dugu”.

Salaketa gehiago

Estonbak dioenez, azken urteetan asko handitu da Berdindu-n gai honen inguruan jaso dituzten salaketen kopurua. “Duela bi urte oso salaketa gutxi jasotzen genituen, baina iaz eta aurten asko igo dira”. Salaketa jasotzen dutenean, kasua Eraberean sarean aztertzen dute, eta jarraitu beharreko bideari buruzko aholkularitza ematen dute. “Mehatxu eta eraso fisikoak izaten direnean, asko jada salaketa judiziala aurkeztu ostean etortzen dira guregana. Beste kasu batzuetan, lehenengo gugana jotzen dute, eta guk aztertzen dugu salaketa judiziala aurkez daitekeen, ala beste bideren bat izan daitekeen egokiagoa, kasu askok bide judizialetik ez baitute ibilbiderik”.

Salaketa gehiago jasotzearen arrazoiak bi izan daitezkeela uste du Estonbak. “Izan daiteke kontzientziazioa areagotu dela, eta jendeak erabaki duela egoera batzuk ez dituela zertan jasan, ezin direla pasatzen utzi. Nik nahiago nuke hori horrela balitz”. Zalantza handiak ditu, ordea, salaketak areagotzearen arrazoia gertaera homofobo gehiago daudela izan daitekeelako. “Agian, bi gauzak batu behar dira. Eraso gehiago daude, baina, era berean, kontzientzia handiagoa ere bai”.

Estonbak uste du edozein gertaera homofobo salatu egin beharko litzatekeela. “Nonbaiten jasota gelditu behar dute, idatzita, paperean. Judizialki ez dute biderik, eta iristen diren tokira iritsiko dira, baina gutxienez ikus dadila, jakin dezala gizarteak zer gertatzen den, jendea iraindu egiten dutela kalean. Ematen du izena ez duena ez dela existitzen, eta paperean jasotzen ez dena ez dela gertatu; beraz, jar dezagun paperean”. Halako salaketa guztiak jaso eta urte amaieran txosten bat egitea inportantea litzatekeela uste du. “Demagun mota horretako 300-400 salaketa jasotzen direla; bada, jakinaraz diezaiogun gizarteari. Gainera, aurrera begirako jarduera irizpideak ezarri eta erabakitzeko ere balio dezake”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.