Promosamena, dagoen bezala, biziki arriskutsua dela azpimarratu du Euskal Konfederazioak. Izan ere, ituna berrestearekin batera, interpretazio mugatzaileak aipatzen ditu proposamenak, hala nola frantesa dela administrazioaren hizkuntza, funtzio publikoko eragile guztiek eta funtzio publikoa betetzen duten eragile pribatuek ere frantsesa baliatu behar dutela. Horrekin batera, aipatzen du ez duela inolako hizkuntza eskubiderik aitortzen.
Horren aitzinean bi bide daudela ebatzi du Euskal Konfederazioak. Lehenik, oroitarazten du diputatuek denbora dutela emendakinak ezartzeko eta 53,3 artikuluaren ordez, aipamen zehatza ezartzea: Frantziak Europako hizkuntza gutxituen ituna izenpetuko du. Aldaketa hori gertatzen ez bada, Euskal Konfederazioak argi eskatu die, hizkuntza gutxituak sostengatu nahi dituzten diputatuei, lege proposamenaren aurka bozka dezatela urtarrilaren 22an.
Izan ere, Frantziako konstituzioko 2. artikuluaren aurrekaria dago. Frantziaren hizkuntza frantsesa dela dio horrek. 1992an onartu zen artikulu hori, eta ustez ingelesetik babesteko balio behar zuen tresna herri hizkuntzen aurka baliatu izan du Frantziak, legearen interpretazioa aitzakia. Orain artean, artikuluru horren interpretazio mugatzailea izan da oztopo nagusia. Alta, legeen batzordeak onartu berri duen proposamenean, neurri mugatzaileak ageri dira. Euskal Konfederazioaren iritziz, proposamenak neurri mugatzaileak eta interpretazio ezkorrak konstituzioan sartzea da arriskua. Bere horretan pasatuko balitz, administrazio osoak frantsesa baliatuko luke soilik. Berdin gertatuko litzaioke Euskararen Erakunde Publikoari edota Seaskari, eragile pribatua den arren, funtzio publikoa betetzen duelako. Gauza bera gertatuko litzateke postan, zergetan, Herri Elkargoetan eta herrietan eta adminstrazioko erakunde guztietan.
Ohar berezia egin dio Euskal Konfederazioak Colette Capdevielle Baionako diputatuari. Capdevielle proposamena osatu duen taldeko partaidea da, eta proposamenaren alde bozkatu du. Euskararen defentsa egin nahi badu lege proposamenaren aurka bozka dezala eskatu dio. "Bestela, hogei urtez Alain Lamassourrek [konstituzioan 2. artikulua sartzea proposatu zuen] eraman duen gurutzea eraman beharko du", erran du Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko kideak.