Yamiled Giraldoren auzian sistemak huts egin duela argi du Komite Internazionalistak eta SOS Arrazakeria taldeetako kideak.
Zer lortuko da epaiketarekin?
Gertatu zena nahiko argi dagoela uste dut. Eta froga ugari badela. Aginduz egindako erailketa izan zen. Yamiled Giraldok gertatu zitzaiona salatu egin zuen, eta haren erailketarekin gauza bera egiteko asmoa izan zezaketenak ohartarazi nahi izan zituzten, mafiek ezartzen dituzten mugetatik ez ateratzeko. Gertaera lazgarri baten azken fasea da epaiketa hau. Pentsatzekoa da justiziak bere lana eginen duela, eta erailketa izan zela jasoko duela sententziak.
Auziaren bertze faseren batean justiziak huts egin zuela uste duzu?
Hainbat kontuk huts egin dute auzi honetan. Lehen hutsa da, nire ustez, sistemak berak aukera ematen duela, Atzerritarren Legearen harira, salaketa bat eginez paperak lortzeko. Halako kiribil edo kate maltzurra sortzen da: zuk salaketa jartzen duzu nire kontra, eta, ondorioz, nik zuri eraso egiten dizut, edo erailtzen zaitut. Atzerritarren Legea betetzeko edo ez betetzeko erabakia ezin da egon salaketa baten menpe. Bada bertze huts bat, nire ustez, are ikaragarriagoa dena, eta huts hori da erailketa espetxean bertan antolatu eta prestatu zutela. Kartzelak ez du balio presoak gizarteratzeko, ez du balio zigorra betetzeko. Alderantziz, erailketak prestatzeko toki ere bilakatu da. Orain, auziaren azken txanpa honetan, nik uste dut legea bete eginen dela, baina justizia izanen denik ez nuke erranen. Jada ez da justiziarik. Onartuko da gertatu zena, eta familiak jasoko du, ziurrenik, gutxieneko ordaina, baina horrek ez du erran nahi justizia izanen denik.
Yamiled Giraldok, salaketa jarri eta gero, behar zuen babesa ez zuela jaso uste duzu?
Zaila da. Ameriketako Estatu Batuetako filmetan ageri diren babestutako lekukoak datozkigu burura, baina hemen figura hori ez da existitzen. Epaiketan deklarazioa egin, eta ez da deus gertatzen. Zer medio dago emakumeak babesteko urtero ehun hilketa sexista gertatzen diren estatu honetan? Badakigu emakumeak erailtzen dituzten gizon horiek nor diren, eta, hala ere, emakume horiek babesteko hagitz gaitasun txikia dugu. Are zailagoa da auzi hau. Yamiled Giraldok salatu zuen erakundeen gisakoek adar anitz dute. Nik uste dut huts larria dela norbaitek salaketa bat jarri behar izatea paperak lortu ahal izateko. SOS Arrazakerian duela hamabost urte inguru auzi bat izan genuen, Buñuelen. Kolonbiatik eta Venezuelatik emakumeak ekartzen zituen akusatuak. Nafarra zen bera. Zigortu egin zuten. Epaiketan, hala ere, gertaerak jazo eta handik bi urtera, salaketa jarri zuten zortzi emakumeetatik bi baino ezin izan zituzten aurkitu. Tarte horretan mehatxatu egin zituzten, denetarik egin zieten. Noski, ez zuten auziaz deus jakin nahi. Finean, akusatua akaso kartzelara bidaliko dute, baina aske gelditzen dira haren inguruko guztiak. Arriskua handia da salaketa egiten duen emakumearentzat. Eta gauzak horrela dira herritarren joan-etorriak baimentzen ez dituen Atzerritarren Legea dagoelako. Halako salaketen bidez, anitzetan, salatzen direnak baino larriagoak diren egoerak sor daitezke.
Yamiled Giraldorekin salaketa jarri zuten bertze emakumeetako baten neba bahitu omen zuten Kolonbian, eta, bi urtera, haren ama erail. Herrien arteko elkarlana behar da?
Emakumeok euren herrietan dituzten familiak erabiltzen dituzte mafiek. Presioa egiteko modu bat da. Emakumeoi helarazten zaien mezua da salaketa jarri behar dutela salbatzeko. Salaketa jarri, eta ez dela deus gertatzen. Eta paperak lortzeko aukera erabiltzen dute horretarako. Baina hori ez da horrela. Salaketa jartzen duten emakumeok egoera hagitz gogorrari egin behar diote aurre gero. Poliziek ezin kontrola ditzaketen indarrei egin behar diete aurre. Hori hala izanda, zilegi da emakumeoi presioa egitea euren burua immolatzeko, polizien ustezko arrakasta baten truke?.
Zer egin daiteke?
Argi dago Atzerritarren Legea gabe ez genukeela oraingo eredua izanen. Jendeak ez luke dirutza ordaindu behar, ez luke inoren menpe egon behar paperak lortzeko. Sortzen den egoeraren aurrean, etortzen den jendeak polizien aurrean bere burua babesteko beharra dauka, eta horrela sortzen dira mafiak. Bertze polizia paralelo batekin bilatzen du babesa jendeak. Sarrera baimentzen ez zaion bitartean egonen dira pertsona horiek batetik bertzera mugitzeko taldeak. Prostituzioa araututa balego, halaber, gardenagoa izanen litzateke, eta errazagoa izanen litzakete, beharra balego, salaketak jartzeko prozesua.
Begoña Zabala. Emakume Internazionalistak eta SOS Arrazakeriakoa
«Legea bete eginen dela uste dut, baina justizia izanen denik ez nuke erranen»
Atzerritarren Legea betetzeko moduak salaketa jartzen duten emakumeak babesik gabe uzten dituela azpimarratu du Begoña Zabalak, eta egoera gogorrei egin behar dietela aurre, ondorioz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu