Iñigo Urrutia. Legelaria eta EHUko irakaslea

«Legea ezin da muga izan euskararen arloan lankidetza garatzeko»

Urrutiak uste du instituzioen eta gizarte eragileen arteko elkarlanerako oinarriak jartzen ari direla euskalgintzan: dioenez, bien agendek paraleloan joan behar dute, eta erabakiguneak zabaldu behar dira.

BERRIA.
jokin sagarzazu
Lasarte-Oria
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoko berrehundik gora lagun bildu ziren atzo Lasarte Orian (Gipuzkoa), Udaltop euskara teknikari eta arduradunen topaketen lehen egunean —gaur amaituko da—. Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados? goiburua hautatu dute aurten mintegirako, eta Euskal Herriko instituzio guztien babesa jaso dute. Hizlarien artean izan da Iñigo Urrutia legelaria (Jatabe, Bizkaia, 1966). Euskalgintzaren lankidetza bideratzeko formula berrien bila izenburua jarri zion bere hitzaldiari.

Eredu berriez ari zara. Orain artekoek zertan egin dute huts?

Ikuspegi juridiko batetik, ez da sortu tresna berezirik euskalgintzaren eta instituzioen arteko lankidetzarako. Bilatu beharko genituzke formula berriak. Helburua ez da zehaztea zer egin daitekeen egungo araudiarekin; ideia izango litzateke jakitea zer lortu nahi den, eta horren arabera bilatzea edo asmatzea. Aurrena kontsentsu soziala behar da, eta gero jantzi juridikoa. Legea ezin da muga izan euskararen arloan lankidetza garatzeko.

Eta zergatik da orain horretarako garaia? Zer aldatu da?

Lankidetzak onurak ekarriko dituen ideia zabalduta dago alor instituzionalean eta sozialean. Jakina da haien artean dauden dialektikak oso konplexuak direla; bakoitzak bere rolak eta funtzioak dauzka, eta hori ez da zokoratu behar. Baina ulertu behar da euskararen alorreko lankidetza formulak eredu izan daitezkeela testuinguru zabalago baterako.

Zer testuingururako?

EAEko estatus politiko berrian pentsatzen ari naiz, adibidez.

Nola saihets daitezke instituzioen eta eragileen arteko mesfidantzak?

Ulertu behar da momentu klabean gaudela. Batzuek eta besteek aitortu behar dute mugak dituztela, eta onartu behar dute batera aritu eta elkar elikatu gabe ez dutela urrats sendorik egingo euskararen normalizazioan. Aurrera egiten bada, izango da gizarteak babesten duelako, bultzatzen duelako. Horretarako, agenda instituzionalak eta sozialak modu paraleloan joan behar dute.

Alderdien arteko lehia ere badago. Ez da hori sakoneko arazoa?

Egia da hegemoniaren bilaketa horrek ahuldu egiten dituela zenbait helburu. Boterean dagoenak joera dauka bere irizpideak ezartzeko. Uste dut hau dela garaia epe ertainera begira jartzeko, zenbait erabaki estrategiko planteatzeko —euskararen alorrean, esaterako—, eta hauteskunde zikloetatik haratago pentsatzeko.

Zer diozu Euskaraldiaz?

Euskaraldiak rol bat eman dio norbanakoari. Pertsona bakoitzak egin dezakeena azpimarratu du, zentroan jarri du; eraldaketa sozialerako prozesu batean, funtsezkoa iruditzen zait hori. Inori galdetzen badiozu nork antolatu duen, inork ez dizu esango gauza argirik: instituzioek, herriko taldeek, pertsonek... Gizarte ekintza modura planteatu da.

EAEko Udal Legeak euskararen alorrean udalerriz gaindiko erakundeak sortzeko gaitasuna aitortzen die tokiko erakundeei. Zer aukera zabaltzen ditu horrek?

Oso inportantea iruditzen zait klabe hori legean sartu izana. Planteatzen du hizkuntza politika gidatzeko tresna batzuk daudela eta sor daitezkeela. Instituzioen eta gizarte eragileen arteko loturak bideratzeko aukerak zabaltzen ditu. Ikusteko dago instituzioak gobernatzen dituzten eragile politikoek zer irismen eman nahi dioten horri, horren araberakoa izango baita emaitza.

Zer lankidetza eredu proposatzen dituzu zuk?

Errazena izan daiteke parte hartze prozedura batzuk zabaltzea, eta iritzi horiek erabaki politikoetan integratzea. Hori izango litzateke eredu klasikoa. Eredu berritzaileago bat da gizarte eragileak integratzea ia modu organikoan erabakiak hartu behar diren mahaietan; nire ustez, hor egongo litzateke jauzi kualitatiboa.

Eta egingarria iruditzen zaizu?

Instituzioetan daudenek kostuen eta irabazien arteko analisi bat egin beharko lukete, zehazteko zein den parte hartze modurik egokiena lortu nahi dituzten helburuei begira. Alor estrategikoetan, funtsezkoa iruditzen zait interes publikoa daukaten eragileak erabakiguneetan egotea; ez da aski haien iritziak jasotzea instituzioen erabakietan.

Euskal Herria hiru administraziotan dago zatituta, eta bi estaturen menpe. Egungo legediak zer dira gehiago: aukera ala muga?

Iruditzen zait gutxi erabili direla legediek zabaltzen dituzten aukerak hizkuntza politika modu komun batean egiteko edo partekatzeko Euskal Herriko perspektibarekin. Muga batzuk daude: mugaz gaindiko lankidetzan, adibidez, zaila da estatuen kontroletik eta tutoretzatik irtetea. Baina entseatu daitezke hortik ihes egiteko formulak.

Adibidez?

Nortasun juridikorik gabeko erakundeak sor daiteke. Badirudi legeditik kanpo ezin dela ezer egin, eta hori ez da horrela. Dena den, egungo zuzenbideak aukerak ematen ditu. Arazoa, nire ustez, interes politiko falta izan da. Baina egoera aldatu da: orain, Ipar Euskal Herriko elkargoak eta Nafarroako aldaketaren gobernuak ahalbidetu dezakete lankidetza. Uste dut aurrerapauso kualitatibo handiak egin daitezkeela lau urteren buruan.

Zein aipatuko zenuke zuk administrazioen elkarlanerako egitura juridikoen artean?

Partzuergoa. Figura hori ordenamendu juridikoan ametitzen da, mugaz gaindiko programetan sar daiteke... Katalunian badute Consorci per a la Normalització Lingüística delakoa, eta zenbait programa garatzen dituzte hortik. Beste aukera bat izan daiteke hiru esparru administratiboetako ordezkari instituzionalak eta gizarte eragileak bilduko dituen elkarte bat sortzea: sektorez sektore, kuota batzuekin. Elkarte horrek gidalerro batzuk ezar ditzake modu prospektibo batean, eta ondoren instituzioek integra ditzakete horiek.

EAEko autogobernua eguneratzeko lantaldeko kide zara, estatutu proposamen berria idatziko duen legelarietako bat. Zertan ari zarete euskarari begira?

Gaur egungo legediak sortzen dituen kezken inguruan aritu gara. Ikusi dugu, besteak beste, [Espainiako] Estatuak nola egin duen udaletan hartu diren zenbait erabakiren aurka; hezkuntzan ere arazoak izan dira, kontsumitzaileen munduan... Batzuon ideia da euskararen estatusa blindatzea. Alderdiek adosturiko oinarrietan planteatu da, eta hala uste dut nik ere, hizkuntza politikak arlo kontzertatu bat izan behar duela, eta, hala den heinean, estatuak ez daukala ezer inposatzerik. Esfortzu handia ari gara egiten, baina zaila da bat egite zabaletara heltzea hor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.