LURRALDE HISTORIKOEN LEGEA

Legeari hertsiki kateatuta

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne egituraketa arautzen duen Lurralde Historikoen Legea berrikusteko lehen urratsa egin du Eusko Legebiltzarrak, 32 urte geroago. Balizko erreforma batek tirabira franko sortu ditu beti alderdien artean. Orain ere ika-mikak agerikoak dira.

edurne begiristain
2015eko azaroaren 21a
12:14
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eta barne antolaketaren eskema apenas aldatu den azken hiru hamarkadetan. Gaur egungo instituzioen antolaketa nabarmen zaildu bada ere, 1983an EAEko egituraketa arautzeko sortu zen Lurralde Historikoen Legea bere horretan dago. Ez da sekula erreformatu. Eta 32 urte dira. Alderdiek, hala ere, egin izan dituzte arkitektura instituzionala moldatu eta administrazioa erreformatzeko eskaerak, eta batzuek txertatu izan dituzte euren hauteskunde programetan legea erreformatzeko proposamenak, baina sekula ez da benetako urratsik egin gai horren inguruan.

Gatazkatsua izan zen sorreratik Lurralde Historikoen Legea. Eta gatazkatsua ez ezik, minbera ere bai. Sorrera bera ez zuen erraza izan, 1986an Carlos Garaikoetxeak legea aldatzeko eginiko proposamen batek EAJren haustura ekarri zuelako. Harrezkero, ezinezkoa izan da legea erreformatzeko adostasunik lortzea. Areago, gaiaz hitz egitea tabu antzeko bat izan da hamarkadetan.

EAJk eta PSEk 2013an sinatutako akordioan jasota dagoen konpromisoetako bat da EAEko arkitektura instituzionala erreformatzea. Itun horretan, bi alderdiek adostua dute Lurralde Historikoen Legea «eguneratzea eta moldatzea», EAEko egitura instituzionala «lehiakorragoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa» izan dadin. Eztabaida eta onarpena 2015. urtea amaitu aurretik egitea aurreikusia dute, eta Eusko Jaurlaritzaren esku geratzen da proiektu horren ekinaldi legegilea bultzatzeko ardura. Haatik, legealdia amaitzeko urtebete eskas geratzen denean, sozialistak hasi dira lan horretan. Joan den ostegunean legebiltzarrak tramiterako onartu zuen PSEren lege egitasmoa, EAJ, EH Bildu eta UPDren aldeko botoekin. PPk aurka bozkatu zuen.

BERRIAk legebiltzar taldeengana jo du, gaiaz duten jarrera finkatzeko eskatzeko. Gaur-gaurkoz, EAJ eta PP dira legea erreformatzeari buruz errezelo handiena erakusten duten alderdiak, nork bere arrazoiak emanda. EAJk ez dizkio ateak ixten erreforma bati, baldin eta EAEko erakundeen funtzionamendua «hobetzeko» bada, Joseba Zorrilla legebiltzarkide jeltzaleak azaldu duenez. «Urrunago joango bagina, ordea, estatutua erreformatu beharko genuke», erantsi du. PP, berriz, eztabaida hori «dagokion tokian» kokatzearen aldekoa da, Nerea Llanos legebiltzarkide eta EAEko PPko idazkari nagusiaren arabera. Ez du gaizki ikusten eskumenen banaketa argiagoa egitea, baina ezinbestekotzat jo du aurretik bikoiztasunen lantaldearen ondorioak eta Udal Legea eskuartean izatea. Llanosek argi du, gainera, legea «hobetu» daitekeela, baldin eta estatutua eta konstituzioa aldatzen ez badira.

Iritziak iritzi, 32 urte igaro dira  legea onartu zenetik eta gaur-gaurkoz totem aldaezina dela esan daiteke, nahiz eta begi bistakoa den EAEko administrazio publikoetan bikoiztasunak eta zerbitzuen eraginkortasunik eza eragiten dituela. Eusko Legebiltzarrean urrats batzuk egin dira arkitektura instituzionala moldatzeko, hala nola Administrazio Publikoetako Bikoiztasunen inguruko lantaldean, edota Udal Legearen tramitazioan, baina horietan ere ez da Lurralde Historikoen Legearen muina ukitu.

Alderdi sozialistak hauteskunde kanpaina guztietan bere egiten du 1984tik indarrean den lege hori aldatzeko proposamena. Eusko Jaurlaritzan egon diren lau urteetan, baina, sozialistek ez dute urratsik egin bide horretan. Orain arte. PSEk uste du EAEko instituzioen arteko konpetentzia banaketa arautzen duen lege horrek hainbat gastu eta zerbitzu bikoizten dituela udalen, diputazioen eta Jaurlaritzaren artean. Egungo antolaketa instituzionala, beraz, «puztuta» dagoela dio eta «egokitzapen» bat behar duela, Eusko Jaurlaritzaren eta udalei lehentasuna emanez. «Herri hau barrutik modernizatu behar dugu», azaldu du Idoia Mendia PSEko idazkari nagusi eta legebiltzarkideak. «Argitu behar dugu erakunde bakoitzaren eskumenak zeintzuk diren, finantzaketa zein den, bikoiztasunak nola murrizten ditugun...».

Babesa, ñabardurekin

PPk izan ezik, talde guztiek begi onez ikusi dute sozialisten lege egitasmoa tramitatzen hastea, baina eztabaidaren norabidea finkatzerakoan, ordea, ez dira bat etorri. Jeltzaleek uste dute gaur egun egokia dela lege horri «hainbat eguneraketa» egitea, eta Zorrillak gogoratu du jadanik legebiltzarra pausoak ematen ari dela Udal Legearen tramitazioaren bidez: «Udal legearen azken xedapenak Lurralde Historikoen Legea aldatzea aurreikusten du, udalek Euskal Finantzen Kontseiluan parte har dezaten». Hori hala, azpimarratu du EAJk ez diola «beldurrik» legea erreformatzeari, eta horren erakusle dela tramitatzeari baiezkoa eman izana, baina argi utzita «joko arauak» errespetatu behar direla: «Ez gaude prest hankaz gora jartzeko hain emaitza onak ekarri dizkigun eredu instituzionala».
Euskal Autonomia Erkidegoaren egitura instituzionala oso-osorik berraztertzea beharrezkotzat jo du, ordea, EH Bilduk. «Ez da soilik gure barruko antolaketa aldatzea; Espainiarekin ditugun eskumenen banaketa eta horren ondorioz daukagun egitura instituzionala ere erreformatu behar dugu», azaldu du Dani Maeztuk. Barrura eta kanpora begira kokatu nahi du eztabaida koalizioak: «Ez gaude prest eztabaida horri uko egiteko PSEren konplexuengatik».

PP, ostera, oso kritikoa da PSEren lege egitasmoarekin, «foru sistema deuseztatu» nahi duelako, Nerea Llanos legebiltzarkidearen arabera. Haren irudiko, PSEren erreformaren atzean ez dago bikoiztasunak murriztea edo baliabide publikoen erabilera egoki bat bermatzea, lurralde historikoei eskumenak kentzea baizik. Llanosek ohartarazi du estatutuak ezartzen duen eskumenen banaketa aldatuko duen edozein bide ez dutela babestuko.

Bestalde, UPDko Gorka Maneirok gogora ekarri du bere taldeak urteak daramatzala Lurralde Historikoen Legearen erreforma bat eskatzen, «diputazioen eta Jaurlaritzaren arteko eskumenak bereizteko, bikoiztasunak eta kostuak murrizteko eta lurraldeen arteko berdintasuna bermatzeko». Alabaina, alderdiak proposatzen duena ez da erreforma soil bat bakarrik: Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak «desagertzearen» aldekoa da UPD, eta, beraz, Lurralde Historikoen Legea «baliogabetu» behar dela uste du. Horregatik, PSEren proposamena«Euskadik behar duenetik urrun dagoela» esanez kritikatu du Maneirok.

Zerga politiken harmonizazioa bermatzeko gaitasuna Eusko Legebiltzarraren esku uzteko eta udalen finantzaketa eredua aldatzeko ere eskatu dute sozialistek lege proposamenean. Hala, erreforma horrek ukitu beharreko gaien artean legoke zerga sistema bateratzea, hau da, zergak Eusko Legebiltzarrean zehaztea hiru lurraldeetako batzar nagusietan izan ordez. Baina fiskalitatearen aferak sortzen ditu, ezbairik gabe, desadostasun handienak. Gaia «delikatua» dela aitortuta ere, Mendiak argi du halabeharrez heldu beharrekoa dela. « Legebiltzarrari itzuli nahi diogu Euskadiren politika orokorraren bidea finkatzeko ardura; besteak beste, baliabide finantzarioen banaketan parte hartuz eta lurralde historikoen eskumenak arautuz».

PPren aburuz, proposamen horrekin lurralde historikoek zergak biltzeko duten eskumena «ezabatu» nahi du PSEk, eta hori estatutuaren aurka doa zuzenean: «Ustezko harmonizazio batek legebiltzarrak hiru lurraldeen zergak bateratzea bilatzen du, eta hori, finean, foru lurraldeei euren eskumenak kentzea da».

Bikoiztasunen soluzioa?

Lurralde Historikoen Legearen erreforma erakunde publikoen bikoiztasunak amaitzeko pausoa litzatekeela uste dute sozialistek. Izan ere, Euskal Autonomia Erakundearen erakunde sarea konplexua da. Espainiako Estatua aintzat hartuta, lau administrazio maila daude 2,2 milioi biztanle dituen lurraldean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskumen propioei dagokienez, hiru mailako egitura dago: erakunde komunak, lurralde historikoak, eta udalerriak eta gainerako toki erakundeak. Sarritan, erakunde maila guztiek, era batera edo bestera, politika batean baino gehiagotan parte hartzen dute, eta ondorioz, desadostasunak sortzen dira eskumen, ekintza publiko eta finantzaketa ereduen artean.

Eusko Jaurlaritzak txosten batean kuantifikatuta dauzka EAEko Administrazio Publikoetako bikoiztasunak eta eraginkortasun faltak, eta, horren arabera, 403 milioi eurotik gorakoa da erakunde sarean dauden bikoiztasunen kostua.

Lurralde Historikoen Legea bikoiztasunen inguruko eztabaidara mugatzea kritikatu du Maeztuk. Areago, PSEri leporatu dio «eztabaida faltsua» jartzea mahai gainean, bikoiztasun handienak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta estatuaren arteko harremanetan daudelako, haren aburuz. «EAEko administrazioentzat kostu larrienak estatuarekin ditugun bikoiztasunetik datoz», dio. Maeztuk uste du 1980ko hamarkadan EAEko barne antolaketa arautzen zuen lege bat beharrezkoa zela herritarren beharrizanei erantzun eraginkor bat eman ahal izateko, baina deitoratu egin du 32 urte geroago eztabaida barne antolaketan «petrifikatu» nahi izatea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arkikektura instituzionala «zentzugabea» dela iritzi dio Maneirok, eta gehiegizko gastua ekartzen duela salatu du: «Ez du zentzurik bi milioi biztanle dituen erkidego batek lau legebiltzar, lau gobernu, hiru ogasun eta hiru zerga politika izateak».

Taldeen iritziak kontuan hartuta, adostasunik lortu al daiteke Lurralde Historikoen Legea erreformatzeko? Aukerak badaudela iritzi dio Zorrillak: «Legebiltzarrak euskal sistemaren egitura berraztertzen ari den honetan, garaia izan daiteke ados jartzen saiatzeko». Talde guztiek uste dute ahaleginak eginda ere ezinezkoa izango dela legealdi honetan akordiorik egitea. Maezturen iritziz, sozialistek «titulu bat» bilatu dute gaia mahai gainean jarrita, baina jakinda proposamenak ez duela bide luzerik. Llanosen aburuz, EAJk badaki legealdi honetan ezinezkoa izango dela, eta «denbora irabazten» ari da.
Baikorragoa da Mendia, nahiz eta onartu legealdi honetan nekez lortuko dela akordiorik: «Eztabaida ireki izana positiboa da berez, eta datorren legealdirako zorua prestatzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.