Bestelako neurrien artean, legebiltzarkideen soldatak murriztea proposatu du Laura Mintegi lehendakarigaiak. "Nazio baten osasun demokratikoa bere ordezkarien jardueraren araberakoa da", esan du. EAEko hiru herrialdeetako zerrendakideak izan dira gaur Gasteizen egindako agerraldian: besteak beste, EAko Pello Urizar, ezker abertzaleko Maribi Ugarteguru, Aralarreko Dani Maeztu eta Alternatibako Oskar Matute. Konpromiso etikoak sinatzearekin batera, ordezkari politikoek gizartearen aurrean duten ardura nabarmendu dute. “Ezin dute inongo pribilegiorik izan erakundeetan karguak dituzten pertsonek”, esan du Mintegik.
Bide horretan, zenbait neurri hartzeko konpromisoa adierazi dute koalizioko kideek, eta aurreratu dute Eusko Jaurlaritzako nahi Eusko Legebiltzarreko soldatak berrikusiko dituztela, “baxura”. "Arrazoituta ez dauden" dietak ere kenduko dizkiete legebiltzarkideei; izan ere, Mintegik adierazi du “inmorala” dela bidaia ofizialetako gastuak ordainduak izan, eta gainera, bidaia horiengatik dietak kobratzea. Gardentasuna bermatzeko, EH Bilduko ordezkari guztiek euren ondasunak publikoki aurkeztu beharko dituzte, bai kargua hartzean eta baita uztean ere.
Neurri ekonomikoez gain, bestelako konpromiso etikoak ere hartu dituzte EH Bilduko hautagaiek. Besteak beste, esan dute ez dutela “aurkari politikoen giza duintasunaren aurkako ekintzarik" egingo. Izan ere, koalizioaren lan moldea elkarrizketan, negozioazioan eta ezberdinekiko akordioan oinarritu nahi dute hautagaiek. Gizartearen parte hartzeari ere garrantzia eman nahi izan diote, eta hitz eman dute gizarte eragileen parte hartze "erreal eta eraginkorra" bultzatuko dutela, baita erabakiak hartzeko ere. Bestetik, adierazi dute emakumeen eskubideak “osotasunean” errespetarazteko lan egingo dutela koalizioko kargudunek. "Gure jarduera politikoa publikoa gizartearekiko leialtasunean oinarritua izango da", ziurtatu du Mintegik.
Koalizioak Gasteizen bertan abiatuko du urriaren 21eko hauteskundeetarako kanpaina. 19:00etan egingo dute ekitaldia Probintzia plazan, eta Laura Mintegi lehendakarigaiak eta Belen Arrondo Arabako zerrendaburuak hartuko dute hitza. Bilbon, berriz, Informazio Bulegoaren irekiera izango da gaur, eta bihar Sestaon izango dira Laura Mintegi eta Oskar Matute. Gipuzkoan, larunbatean egingo dute ekitaldi nagusia: Donostiako Atano III. Pilotalekuan, 17:30ean.