EITBko Kontrolerako Batzordea egin dute gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du, "EITBk Kutxabanken pribatizazioari buruzko eztabaida sustatzeari buruz". Unai Urruzuno legebiltzarkideak nabarmendu du herritar guztiei eragingo diela bankarizazio prozesuak: "Gizarteak zer iritzi dauden jakin behar du. Ez da gehiegizkoa EITBri eskatzea Kutxabankek sortutako ezinegona konpontze aldera, saioetan eztabaida egotea".
PPko legebiltzarkide Iñaki Oiartzabaleren iritziz, eztabaida publikoa "ona" da. "Honetaz eta besteaz eztabaida dadila nahi dugu. Baina ez bakarrik presoetaz eta erabakitzeko eskubideaz. Positiboa litzateke Eusko Jaurlaritzaren akzioaz eztabaidatzea EITBn".
PSE-EEko Mikel Unzaluren arabera, ezin da esan EITBk Kutxabanken gaia ezkutatzen duenik. UPDko Gorka Maneiro legebiltzarkideak proposatu du herritarrentzat interesekoak diren gaiak lantzea, "independentzia, objetibitate, profesionaltasun, pluraltasun eta zorroztasun oinarriak hartuta".
EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak nabarmendu du EITBko profesionalek "interes orokorrari" eutsi behar diotela. Urruzunori honakoa esan dio: "EITBk ez du 'Gara' izan behar". Urruzunok modu honetan erantzun dio: "EITB batzokia da".
EH Bilduren proposamena ez da aurrera atera, EAJ, PP, PSE-EE eta UPD aurka azaldu baitira. Talde horiek PPren osoko zuzenketa babestu dute. Honela dio: "Eusko Legebiltzarrak EITBri eskatzen dio, komunikabide publikoa denez, susta ditzala herritarrentzat interesgarriak eta gaurkotasunekoak diren gai guztiei buruzko eztabaidak".
Kutxabankeko eztabaida sustatzearen inguruko eztabaidaren aurretik, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak talde politikoen galderei erantzun die. EH Bilduk galdetu dio ea zergatik Zaratamoko zubiaren inguruan EITBk ez dion tarterik eskaini. Urruzunok salatu du 11 milioi euroko kostua izan duela, eta ez dela erabiliko abiadura handiko trenaren ibilbidean. Iturbek erantzun dio ez duela inolako agindurik. "EH Bilduk salaketa jarri du zubi horren inguruan, eta atzo ETBko albistegietan azaldu zen albistea. Ez dago inolako presio politikorik".
Urruzunok berak 'Euskadi Movie' saioan esketx bat (ate birakariei buruzkoa) zergatik ezabatu zen galdetu dio Iturberi. "Alderdi zehatz bat dagoenean halakoak ezkutatu egiten dira. Baina bideoak ia 500.000 bisita izan ditu". Iturbek programa egiten duen lan taldearen defentsa egin du. "Ekoizpen etxearen esku daude halako erabakiak. Ez da askotan gertatzen, baina batzuetan produktua egokitu egiten dute. Lanaren egileei errespetu osoz jokatzen dugu". Pausokak zerbitzu "bikaina" eman duela goraipatu du. "Eta nahi duenarentzat esketxa Youtuben dago, zuek jarrita", erantzun dio EH Bilduko ordezkariari.
'Cuadrilla busca cita' saioaz
Lur Etxeberria EH Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, ETB zoriondu du, "poztekoa delako 'Cuadrilla busca cita' saioa kendu izana". Etxeberriaren iritziz, hiru gauza on gertatu dira: "Badago masa kritiko bat, ETBrengandik beste zerbait espero duena. ETBk zuzeneko solaskide izatea aitortu dio mugimendu feministari. Hirugarrenik, berdintasun gaietan hutsune handi bat dagoela ikusi da, eta aukera dago neurri zuzentzaileak hartzeko".
Etxeberriak gogorarazi du eduki sexistak daudela ETBko marrazki bizidun eta umore saio batzuetan. Iturbek adierazi du 'Cuadrilla busca cita' saioan estereotipo ez sexistak emateko aukera zegoela. "Gainera, bost atal eman ostean, solaserako saio bat egin nahi genuen programak sortutako eztabaidaren inguruan. Baina azkenean, batzuekin eta besteekin hitz egin eta gero, erabaki genuen saioa gehiago ez ematea".
EITBko zuzendari nagusiak adierazi du "guztien interesa" defendatu behar dela. "Baina ez dugu taburik nahi. Ez dezagun zentsura jarri". Etxeberriak proposatu du genero unitate bat sortzea, edukiak aztertzeko.