Aurten lana eta familia uztartzeko laguntzak eskatu dituzten herritar guztiei laguntza hori bermatzeko moduko kopurua ezartzeko deia egin diote Eusko Legebiltzarreko alderdiek Eusko Jaurlaritzari —EAJk izan ezik—. Sei hilabeteko epean eskaera horiei erantzuteko eskatu dute.
Alderdiek salatu dute "ongizatearen aurkako beste murrizketa bat" dela, eta ez dela "bidezkoa berdintasuna eta justizia soziala lortzeko giltzarria den horretan atzera egitea". Hurrengo urteko diru saila handitzea ere galdegin dute.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 17,3 milioi euroko diru saila zuen aurten kontziliaziorako, eta joan den abuztuaren 22an amaitutzat eman zuten kopuru hori. Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak duela zenbait aste argitu zuen Jaurlaritzak ez dituela laguntzok bertan behera utzi. Haren arabera, "baliabide faltagatik" ezin izan diete eskaerei erantzun, baina "atzerapenarekin" bada ere ordaindu egingo diete.
Lana eta familia uztartzeko diru laguntzak 2007an ezarri zituen Juan Jose Ibarretxeren gobernuak, Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu zela.