Eusko Legebiltzarrean ez da sortuko espetxe eskumenaren eskualdaketa aztertzeko eta bestelako espetxe sistema bat definitzeko lantalderik. Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean eztabaidatu dute gaur goizean EH Bilduren legez besteko proposamena, baina EAJren abstentzioarekin eta PSE, PP eta UPDren kontrako botoekin bertan behera geratu da. Kartzela politikaren inguruko "gogoeta" egitea ezibestekotzat jo du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ekinbidea defendatzerakoan. Kartzela eskumena euskal erakundeei transferitzeaz gain, eskumenaren kudeaketa diseinatzea Eusko Legebiltzarrari egokitu beharko litzaiokeela esan du. EAJko Iñigo Iturrateren ustez, ostera, lantalde bat eratzeak ez luke ezertan lagunduko. "Bide bera jarraituko bagenu, eskualdatu behar diren gainerako 27 eskumenekin lantalde bana eratu beharko genuke?", galdetu dio EH Bilduri. Iturratek espetxe eskumenaren transferentzia aldarrikatu du, eta salatu duenez, "interesen eta egoeraren arabera" dago legea betetzea.
PSEk eta PPk, bestalde, lantaldea eratzea alboratu dute, eta espetxe eskumenaren transferentziaren negoziazioak Batzorde Mistoan egitea eskatu dute. UPDrentzat, berriz, "akats larria" litzateke espetxe eskumena EAEra eskualdatzea, eta EH Bilduri egotzi dio bere eskaerarekin "kartzelak kontrolatu" nahi dituela.