Legebiltzarreko hauteskundeei begira prestaera lanak hasiko ditu EH Bai-k

Ipar Euskal Herriaren onarpena aldarrikatzeaz gain, neurri liberalen aurkako mezua ere emanen du koalizioak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Ekainaren 10 eta 17an Frantziako Legebiltzarreko hauteskundeei izanen direla eta, prestaketa lanak abiatuko ditu EH Bai koalizioak. Hautagaien hautaketa eta kanpainako proiektua marrazteko bidean, datozen egunetan bilera publikoak eginen dituzte: otsailaren 17an Izuran (Nafarroa Beherea), Haize Berri gelan; otsailaren 22an Baionako Lan Burtsan; eta otsailaren 24an Senperen (Lapurdi), Denen Etxean. Gaurdanik egina diete gomita «ezkertiar eta abertzale guztiei».

«Euskal Herriaren ahotsa Parisi ozenki eta indartsuki entzunaraztea» du hauteskunde horietan helburua EH Baik. Hain zuzen, abiaturiko bake prozesuari begira, Frantziako Estatuak «urratsak egin» beharko dituela dio koalizioak, eta mezu hori dute emanen. Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez, onarpen politiko-instituzionalaren inguruko eztabaida «sekula baino indartsuagoa den testuinguruan», Ipar Euskal Herriaren «onartzeko eta errespetatzeko erabakia hartzera» exijituko diote Frantziari.

Neurri liberalen aurkako boza

EH Baik dio benetako ezkerreko alternatiba ordezkatuko duela krisi ekonomikoa eta finantzarioak «gogorki astintzen duen» garai honetan. Hauteskunde horietako kanpainan, «politika liberalen bukaera» eta kapitalismoaren parean «alternatiben bidea jorratzeko» nahikaria plazaratu gogo dute. Izan UMP, izan Modem edota Alderdi Sozialista, guztiek dituzte krisia ondoriotzat ukan dituzten politika liberalak sustatu, koalizioaren ustez.

Abertzaleen Batasuneko abenduko biltzar nagusian, gehiengoa EH Bai koalizioaren alde agertu zen, eta Batasunak ere «abertzaleen arteko elkarlana indartzeko» hautua berretsi zuen abenduko bilera nagusian. Haatik, EAri dagokionez, koalizioaren barnean ez joateko hautua jakinarazi zuen alderdiak iazko urte bukaeran, Europe Ecologie ekologistei «hurbiltzeko» nahia plazaratuz. 2007an, bozen %8,11rekin, laugarren indarra izan zen ezkerreko koalizio abertzalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.