«Legedi arruntera» itzultzeko eskatu dio Urkulluk Sanchezi

Aldi baterako erregulazioa eta negozioak partzialki irekitzeko aukera bateragarri egitea proposatu dio lehendakariak Madrili

Iñigo Urkullu lehendakaria. IREKIA
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 3a
15:06
Entzun

Salbuespen egoera alde batera uzteko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari, eta koronabirusaren izurriari aurre egiteko borroka elkarrekin erabakita egitea proposatu dio.

Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteekin edukitako bideo bileran hartu du parte Urkulluk, gaur. Bilera horretan, Sanchezek sostengua eskatu du larrialdi egoera beste hamabost egunez luzatzeko. Datorren asteazkenean da egitekoa horren inguruko bozketa Espainiako Kongresuan, eta joan zen asteazkenean luzatzearen aurka dagoela esan zuen Urkulluk.

Gaur asmo bera adierazi du bideo bileran. «Badakizu, presidente, ez natorrela bat larrialdi egoera kudeatzeko moduarekin eta aginte bakarrarekin», esan dio Urkulluk Sanchezi. Edonola ere, harekin lan egiteko «prestutasun osoa» duela gaineratu du lehendakariak.

Larrialdi egoera «koronabirusa garaitzeko tresna eraginkorra» dela adierazi zuen Sanchezek, atzo arratsaldean eginiko agerraldi telematikoan. Luzapena ez onartzeak «osasun publikoan ez ezik gizartean eta ekonomian eragingo lukeen kalteaz jabetzea garrantzitsua da». Konfinamendua arintzeko prozesuak «erkidegoekiko aldebiko elkarrizketa asko» eskatuko duela adierazi du agintariak. Trantsizioa erkidegoetako gobernuekin gobernatzeko prest dagoela gaineratu du. «Egia da EAEk, Kataluniak eta Galiziak zalantzak plazaratu zituztela. Baina larrialdi egoera tresna konstituzional bakarra da mugikortasuna murrizteko. Larrialdi egoerarik gabe, esaterako, kirolariak edozein ordutan atera ahalko lirateke kalera, eta arrisku taldean dauden pertsonekin gurutzatu».

Urkulluk gaur zuzenean erantzun dio. «Zerorrek hitz egin duzu estatu konposatuaz. Nik erakundeen arteko harremanak beste modu batean ulertzen ditut, ez aste honetara arte egin bezala». Urkulluk «aldebiko marko egonkorra» proposatu du, «gobernantza partekaturako, elkarlanean eta elkarrekin erabakitzean oinarritutakoa». «Erkidego bakoitzean estatuaren ordezkapena osatzen dugunon artean» larrialdia kudeatzeko eredua berriz aztertzeko eskatu du Urkulluk.

«Beharrezkoa da legedi arrunta berreskuratzea osasun publikoa bermatzeko eta erakundeen normaltasunera apurka itzultzeko».

Negozio asko zabalduko direla ikusita, aldi baterako lan erregulazioa eta lan partziala bateratzeko modua ematea proposatu du Urkulluk, eta Europako Batasuneko SURE funtseko dirua nola banatuko den galdetu dio. Ekainaren 1ean espero da funtsa zabaltzea, eta mila milioi euro jarriko ditu EBk, enpresei konpentsatzeko galdutako diruarengatik.

Urkulluk ez du argitu, ordea, zer bozkatuko duen EAJk datorren astean larrialdi egoera luzatzeaz.

Joan zen asteazkenean Urkulluk salatu zuen Espainiako Gobernuak «estatu eredu probintzial bat» sustatu nahi duela, erabaki bateratuak hartu ordez. Lehendakariaren esanetan, Sanchezek asteartean azaldutako planak «atzeraldi zentralizatzaile bat» eragin zuen: «Ez ditu errespetatzen ez nazio aniztasuna, ez autonomia estatua. Are gutxiago gure autogobernu gaitasuna». Espainiako Gobernuaren komunikaziorik eza kritikatu zuen, alarma egoera kentzeko eskatu, eta Sanchezi exijitu zion «bi aldeko elkarrizketa bat» hasteko.

Maria Txibite Nafarroako presidenteak, berriz, Nafarroaren eta Espainiaren arteko Itun Ekonomikoaren batzordea biltzeko eskatu dio Sanchezi. Horretan jorratu nahi du presidenteak Nafarroak nola hartuko duen parte Sanchezek iragarri duen 16.000 milioi euroko funtsean. Espainiako gobernuburuak iragarri duenez, autonomia erkidegoei ezarritako defizit muga %0,2koa izango da aurrerantzean ere; hau da, larrialdiaren aurretik 2020rako aurreikusita zegoena, eta banatuko diren 16.000 milioi horiek ez dira defizitaren kalkulu horretan sartuko.

Torra: «Errespetu falta»

Gogorrago aritu da bideo bileran Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torra. Azaldu duenez, gutun baten bidez aldebiko bilera bat eskatu dio Sanchezi, eta hark ez dio erantzun. Hori «erakundeen arteko errespetu falta bat» dela esan du Torrak. «Harritzen nau elkarrekin lan egiteaz eta elkarrekin gobernatzeaz mintzatzea, eta ez izatea gauza elkarrizketa sinple bat izateko».

Konfinamendutik ateratzeko prozesua azkarregi egiten ari dela esan du agintari katalanak, eta ohartarazi du Kataluniak ezetz bozkatuko diola larrialdi egoera luzatzeari Generalitateak ez baditu arloaren inguruko eskuduntzak berreskuratzen.

ERCko Pere Aragonesek ohartarazi du bere alderdiak ere ezetz bozkatuko duela Kataluniak ezin badu parte hartu eragiten dioten erabakietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.