Euskal presoak

Legedia “errealitate berrira egokitzeko" eskatu du Sortuk

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak euskal presoen sakabanaketaren alde esandakoei erantzunez, Sortuk "exijitu" du "salbuespenezko politikak" bertan behera uzteko, eta, bereziki, sakabanaketa "berehala" amaitzeko, "legez kanpokoa delako".

jokin sagarzazu
2016ko uztailaren 7a
11:01
Entzun

"Espainiako Estatuak prest jarraitzen du bere legediak jasotzen dituen eskubideak urratzeko, betiere gatazka betikotzeko helburu zikoitzari eusteko", salatu du ohar batean.

Sortuk gogoratu du egun 400 euskal preso inguru daudela Espainiako Estatuaren kartzeletan sakabanatuak "eta salbuespenezko neurriak pairatzen" ari direla. Oroitarazi du, halaber, hamasei senitartekok galdu dutela bizitza "sakabanaketa politikaren ondorioz" eta asteburuero presoen senide eta lagunak errepideetan "bizia galtzeko arriskura kondenatzen" dituela PPren Espainiako Gobernuak.

Sortuk azpimarratu du legedia "egokitu" egin behar dela "errealitate politiko berrira" eta "salbuespenezko zigor, espetxe eta auzibide politika" legedia arruntera itzuli beharra dagoela, besteak beste, sakabanaketa amaituz.

Era berean, ohartarazi du ez duela "inolaz ere onartuko" presoak "gatibu moduan" erabiliak izatea "prozesu independentista geldiarazteko". "Kalera atera behar dugu indarrez: presio instituzionala areagotu behar dugu; prozesua bultzatu nahi duten sektore guztien inplikazioa lortu; Espainiako Gobernuari espetxe politika kriminala mantentzea ezinezkoa egin behar diogu", azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.