Autogobernu lantaldea

"Legedia" errespetatuz zabaldu nahi du EAJk autogobernua

Autogobernurako lantaldean txostenak aurkeztu dituzte legebiltzarreko taldeek, eta ostiralean eztabaida egingo dute. Euskal Estatua lortzeko bidean "burujabetza soziala" aldarrikatu du EH Bilduk. PSE-EEk "estatutu moderno, integral eta erabilgarria" eskatu du; eta PPk, berriz, ez du Autonomia Estatutua aldatzeko beharrik ikusten.

Erdian, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidea. EAJ
Oihana Elduaien - Jon Olano
2016ko urtarrilaren 12a
07:25
Entzun

Alde biko harremana izatea eta erabakitzeko eskubidea aitortzea nahi du EAJk, estatus politikoa aldatzeko oinarrien txostenean jaso duenez. Estatutu berriaren inguruan bi galdeketa egitea proposatu du EAJk; bat, Eusko Legebiltzarrak onartu ostean, eta bigarrena, Espainiako Gorteetan onartu eta gero.

Agirian, EAJk adierazi du "alderdi independentista" dela eta ez diola horri uko egiten, baina gaineratu du oinarri "zentzuzkoak" proposatu dituela akordio bat lortu ahal izateko: "Ez da haustura edo independentzia proposamen bat, ezta egungo autogobernu mailarekin konforme dagoen bat ere".

Euskal estatua lortu artean gradualki burujabe izan behar lukete EAEko instituzioek, EH Bilduren iritzian. "Erabateko burujabetza" behar lukete, herritarren ongizatea bermatzeko. Horretarako, aldebakarreko bidea jarraitu behar dela uste du EH Bilduk; izan ere, Unai Urruzuno legebiltzarkideak azaldu duenez, Espainiako Gobernuarekin "ezin da" aldebiko bidea jarraitu: "Espainiak ez du inoiz onartuko Euskal Herria nazio bat dela". Autogobernurako lantaldean norbere proposamenak aurkezten ari dira gaur legebiltzarreko taldeak, gero ostiralean eztabaidatu ditzaten. 

EH Bildu izan da txostena erregistratzen aurrena, eta, Urruzunok azaldu duenez, Gernikako Autonomia Estatutua "gainditzen duen estatus berri bat" beharrezkoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Estatus berri horretan hiru lurralderako instituzioek "erabat burujabe" izan beharko lukete, EH Bilduren arabera. "Burujabetza soziala" aldarrikatzen du koalizioak, "herritarren ongizatea" bermatzeko. Izan ere, Urruzunok azaldu duenez, ongizate hori ezin da bermatu "Espainako Estatuaren menpe" egonda. Zehazki, Gizarte Segurantzan, lan harremanean, industria garapenean eta azpiegituretan erabateko burujabetza izatea proposatu du koalizio abertzaleak.

PSE-EEk estatutu "moderno, integral eta erabilgarria" behar dela dio, baina, Idoia Mendia alderdiko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, PSEren ustez "hobe da aurrena estatutua erreformatzea eta gero autonomia estatutua". Hala, federalismorantz urratsak egitearen alde azaldu da Mendia. Nolanahi ere, argi utzi du burujabetzarako pausorik ez dutela eman nahi: "Ez dugu onartuko nazionalistek Kataluniaren moduko bidaia batera eraman gaitzaten". Honela esan du: "Zatitzeko kontsultak, ez, baina adostutako estatutu erreforma bati buruzko erreferenduma, bai".

Borja Senperrek eman ditu PPren proposamenaren azalpenak, eta nabarmendu du Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan adostuz gero Autonomia Estatutua eta Espainiako Konstituzio aldatu daitezkeela, baina ez dagoela horretarako beharrik. Lurralde Historikoen Legea eta Udalen Legea aldatuta "Euskadiren arazoa konponduta" dagoela nabarmendu du.

Adostasunak lortzeko denborarik ez

EAEko autogobernuaren inguruko proposamenak aurkeztu ondoren, lantaldean adostasunen bat lortu beharko lukete alderdi politikoek, eta hortik egitasmo berri baterako testu egituratu bat idatzi. Hori legealdia amaitu baino lehen egiteko asmoa agertu zuten EAJk eta Eusko Jaurlaritzak, baina ezinezkoa izango da jada, Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak urrian aitortu zuenez. EH Bilduk eta PPk leporatu izan diote EAJri eztabaida komenientziaz atzeratu duela. Orain, hamar bat hilabete baino ez zaizkio geratzen Iñigo Urkulluren gobernuari.

2014ko otsailean adostu zuten EAJk eta PSE-EEk autogobernu lantalde bat sortzea. Aurtengo maiatzean bukatu ziren taldeek proposatutako 28 agerraldiak, eta urrian horien laburpen bat eman zien Jone Berriozabal koordinatzaileak alderdiei. Azaldu zuenez, «autogobernua eguneratzeko oinarriak» finkatzea dute helburu legegintzaldia amaitzerako. Horretarako, talde bakoitzak bere helburuak eta metodologia argitu behar lituzke testu banatan.

Gida moduko bat ere eman zuten, lagungarri gisa. Hainbat kontzeptu ageri ziren bertan, horien inguruan posizionatzeko: «eskubide indibidual eta kolektiboak», «autodeterminazio eskubidea edo erabakitzeko eskubidea», «legezkotasuna», «kontsultak edo erreferenduma», «gehiengo demokratikoa», Espainiako Estatuarekin harremana...

Gaur-gaurkoz, talde politikoen iritziak ikusita, ez dirudi adostasun zabaletarako aukera handirik dagoenik. Lantaldearen helburuez ere ikuspegi ezberdina dute batzuek eta besteek. Estatutua «eguneratzeko» xedea aipatu izan dute EAJk eta PSE-EEk, eta muga bakarra herritarren erabakitzeko eskubidea izan behar dela nabarmendu izan du EH Bilduk. «Hanka bat» lantaldetik kanpo zutela ere esan zuen Hasier Arraiz legebiltzarkideak urrian, eta «jatorrizko helburuak» ukatzea egotzi zion EAJri. Azaroan, Herritarrak Ahalduntzeko Lege proiektua ere aurkeztu zuen koalizio subiranistak, erabakitzeko eskubideari «legezko aterkia» emateko asmoz. Testuan jasotzen denez, lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak, ahaldun nagusiek eta alkateek lukete herri galdeketetara deitzeko ahalmena. EAJrekin ados jartzeko borondatea ere agertu zuten subiranistek, baina ez dute halakorik lortu.

PP ere mesfidati agertu izan da lantaldearekin; 1979ko Gernikako Estatutua «modernizatzeari» bide emateko prest dago, baina orduan lortutako adostasuna zabaltzea izango du lehentasun. Besteak beste, EAJk, PSEk, EEk eta UCDk babestu zuten; abstentzioa eskatu zuen HBk; eta aurka agertu zen AP.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.