Ehunka dira, eta hamarkadako fenomeno sozial berrietako baten protagonista: gazteek alokatutako lonja, bajera, txoko, lokalak. Zenbat eta handiagoa kuadrilla, orduan eta merkeago alokairua; horrela zabaldu dira herri guztietara, aisialdirako aukera berri gisa. Gazteen berrikuntza sozialek, ostera ere, legeari aurrea hartu diote. Ez dago araudi, ordenantza, lege jakinik gazteek alokatutako lokalentzat. Fenomenoa hainbeste ugaritzearekin, bestalde, arazoak ere sortu dira; bizilagunen salaketak udaletxe guztietan jasotzen dituzte; kontu larririk ez da izaten normalean, zaratari buruzkoak izaten dira kexa eta salaketa gehienak. Baina izaten dira liskar txikiak, suteak... Orain arteko ezbehar larriena urtarrilaren 6an jazo zen, Elorrion (Bizkaia): gazte bat hil zen halakoxe lokal batean. Bertan lo zegoela, ustez berogailu baten ondorioz su bat piztu zen, eta kea arnastuta hil zen gaztea. Ezbeharrak egonezina sortu du, eta azken asteetan neurriak iragarri dituzte hainbat udalek.
Elorrion bada ordenantza bat lokal horientzat, herri askotan ez dagoena. Duela urtebete inguru sartu zen indarrean, eta hainbat betekizun zehazten dizkie lokalei: gazteek bizikidetza hitzarmena sinatu behar dute, eta udalean baimena eskatu behar dute —gutxieneko batzuk bete behar dituzte: komuna edukitzea, su itzalgailuak, larrialdi argiak, erantzukizun zibileko asegurua...—. Urtarrilaren 6ko istripua izan eta gero, udala gazteen lokalak ikuskatzen hasi da, arautegia betetzen duten jakiteko: «Udalaren helburua ez da gazteen lokalak ixtea. Segurtasuna bermatu nahi dugu», Ana Otadui alkatearen hitzetan.
Elorriotik gertu, Durangon, ordenantza sortzea erabaki du udalak hil honetan bertan. Lokalen jabeek sei hilabete izango dituzte egoera erregulatzeko, eta alokairuan dauden gazteek hainbat baldintza bete beharko dituzte: ordutegiak errespetatu, asegurua eskuratu, suteen prebentziorako sistemak jarri. «Gazteen segurtasuna eta herritarren lasaitasuna lortzea da helburua», azaldu du udalak. Beste udal batzuek ere bide horri heldu diote; esaterako, Getxok urtarrilean onartu zuen gazte lokalen jarduera arautzea.
Zarauzko Udala (Gipuzkoa) ere hasi da gazteen lokalei buruz lanean, bi eremutatik: hirigintzatik, segurtasun irizpideak zehazten; gazte politikatik, gazteen artean zer-nolako aisialdi eredua bultzatu behar den aztertzen. Udala irailean hasi zen lanean; lokalen errolda egin du, eta segurtasun irizpideak betetzen dituzten aztertu du. Hogei bat lokal zenbatu dituzte, eta aztertzen ari dira sute arriskua, lokalera iristeko erraztasuna... Lokal batzuek baldintza onak dituzte, eta beste batzuek ez hain onak. Iñaki Eizmendi Hirigintza zinegotziaren esanetan, «denetik» aurkitu dute.
Zarauzko Udalak ez du ordenantza bat egiteko asmorik. Kode teknikoekin, bizikidetzarako ordenantzekin, zaratari buruzko araudiekin... dagoeneko onartuta dauden arauekin, alegia, segurtasunerako eta bizikidetzarako beharrezko baldintzak ezarriak daudela uste du. Segurtasunaren aldetik, lokal batzuei egokitzapenak egiteko eskatu beharko zaie seguru aski, «logikaren barruan» betiere. «Ez gara botatzera joango», argitu du Eizmendik.
Udalak, sarri askotan, «umeekin tratatzen ari balira bezala tratatu dute gazteekin», Eizmendiren ustez. «Interesgarria da gazteek beraiek erabakitzea, burujabe izanda, haien aisialdia nola antolatu nahi duten». Oraindik abiatzeko dute bigarren eztabaida hori, baina Gazteria lantalde bat badu udalak, eta han aztertuko dute kontua. Galdera bat erantzun behar dela uste du Eizmendik: «Ados gaude horrelako aisialdia bultzatzearekin?». Gustuko izan zein ez, «existitzen den errealitatea» dela eta hartaz hitz egin behar dela iruditzen zaio.
Lonjakidetza, eta araudiak
Beste udal batzuek dagoeneko onartuak dituzte ordenantzak, Portugaletek eta Gernika-Lumok adibidez (Bizkaia). Azken horretan, Lonjakidetza izen propioa duen araudia eman du udalak. 2010ean eztabaida prozesu ireki bat hasi zuen, ikusita herrian gisa horretako 70 bat lokal bazeudela; batzuen eta besteen iritziak jasota, araudia iazko martxoan sartu zen indarrean. Lokalek urtebete izan dute egokitzeko; orain, baimena eskatu behar dute alokatu aurretik, argia, ura, komuna eta arraska jarri behar dituzte, baita botika ontziak, su itzalgailuak eta larrialdi argiak ere. Edukiera eta ordutegiak ere mugatuak izan behar dituztela adostu zuten.
Elgoibarren (Gipuzkoa) ere garai bertsuan sartu zen araudia indarrean. 30 bat lokal daude Elgoibarren; denak erroldatuta daude egun. Apuntatzerakoan, lokalaren arduradun bat izendatzen dute, eta bizilagunen ordezkari bat ere bai. Arazorik sortzen bada, udal ordezkariak, udaltzainak, eta lokalaren eta bizilagunen ordezkariak biltzen dira, kexa zein den aztertu eta nola konpon daitekeen hitz egiteko. «Esku hartzeko lehen tresna da», Maialen Aranguren Elgoibarko Udaleko Gazteria teknikariaren hitzetan.
Neurri hori eta beste batzuk erabaki zituzten gazteen lokalen araudia zehazteko prozesuan. 2009an herriko bizikidetza arazoak aztertzeko diagnostiko bat egin zuten, eta ikusi zuten gazteen lokalekin hobetzeko hainbat kontu zeudela. Parte hartzeko prozesu bat abiatu zuten orduan; hiru bilera egin zituzten lokalen jabe, gazte, guraso, eta bizilagunekin, eta etxe guztietara bidali zituzten bileren aktak. Araudiak jaso behar zuenaz hitz egin zuten: lokalen erabilera, garbitasuna, ordutegiak, suteen kontrako babesa edukitzea, zarata gutxitzea, ez ateratzea altzariak kalera... «Arau minimoak jarri behar zirela, denak ados zeuden». Udalak araudiaren zirriborro bat osatu zuen, eta beste bi eztabaida ireki antolatu zituen.
Aldi berean, arkitektoek gazteen lokalen azterketa teknikoak egin zituzten, banaka-banaka, arauak betetzeko zer obra egin behar zituzten zehazteko. Obrak egitea gazteen edo jabeen esku geratu zen, haien artean negoziatutakoaren arabera. Eta udalak laguntza eskaini zien gazteei: festetan edo bestelako egunetan lan jakin batzuk egiteagatik, udalak gazteei dirua ematen die, lokalak egokitzeko. Iaz hamar kuadrilla aritu ziren lan horietan; arrakastatsutzat jo dute, beraz, ekimena. Eta lokalak ari dira egokitzen pixkanaka. «Gazteen jarrera oso ona izan da. Ulertu dute bizilagunen atsedenerako eskubidea bermatu egin behar dela ». Bizilagunen jarrerarekin ere pozik da udala.
Beste udalei zer aholku emango liekeen argi du Arangurenek: ez dela komeni gatazkatik abiatzea, saihestu ezineko fenomeno soziala dela, eta alde onetik hartu behar dela, ez duela askorako balio «araudi bat egin behar dugu, zuek problemak sortzen dituzuelako» esaka hastea. «Gazteei konfiantza eta ardura eman dizkiegunean, erantzun egin dute».
Herri txikiagoetan errazagoa da gazteen lokalak identifikatu eta gazteekin zuzenean lan egitea, baina hirietan besterik da. Normalean, ez da erroldarik izaten, eta ordenantza berezirik ere ez; kexak jasotzean jotzen dute lokaletara udalek. Iruñean dezenteko jarraipena egiten du udalak, haren baimena behar baitute gazteek lokal bat alokatzeko. Lokalaren erabilera aldatzeko eskea egin behar dute, eta neurketa akustikoak, lokalaren planoak, argazkiak eta alokairu kontratua ere aurkeztu behar dituzte. Iaz, Iruñean baziren 205 gazte lokal era horretan erregistratuak.
Udaltzainek tarteka behatzen dituzte lokalak, baita bizilagunen kexak jasoz gero ere. 2002 eta 2010 artean, 338 administrazio txosten ireki zituzten; txosten horietatik 120, artxibatu egin ziren, gazteei baimenak emanez; beste 180 kasutan, gazteek lokalak utzi dituzte, edo udalak ixteko agindu du. Lizentziarik ez duten lokalak ere badira, eta horiek dira bizilagunen artean kexa gehien sortzen dutenak. 2010ean 31 zigor txosten ireki zituen udalak; horietatik hemezortzi zigorrik gabe itxi ziren; hamahiruk 360 eta 1.000 euro arteko isunak jaso zituzten.
Gasteizen ere, «irizpide teknikoa» da gazteen lokalak legeztatu egin behar direla jarduera gisa, «indarrean dagoen araudiaren arabera». Baina ez dago araudi zehatzik, ez eta lokalen erroldarik ere. 2011n 27 txosten zigortzaile ireki zituen udalak, lizentziarik ez zuten lokalen kontra. Haietatik 21ek 300 euroko isunak ordaindu behar izan zituzten.
Donostia eta Bilbo
Donostian, udala zirriborro bat prestatzen ari da, gazteek alokatutako lokalak jarduera gisa erregistratu ahal izateko. «Gazte lokalak ez daude araututa jarduera gisa, egoera alegalean daude, eta udaletxeak ezin ditu legeztatu haien jarduerak». Hori da gaurko egoera, Asier Jaka Ingurumen zinegotziaren hitzetan. Egoera horretan, udalak identifikatzen badu halako lokal bat, edo bizilagunen kexarik jasotzen badu, ixteko txosten bat ireki behar du.
Donostiako Udalaren asmoa da gazteen lokalak jarduera gisa erregistratzea udaletxean, «irizpide tekniko guztiak» betez. Aldaketa aurten bertan onartzea espero du udalak. Lehentasuna gazteen segurtasuna bermatzea dela zehaztu du Jakak, eta zirriborroa lantzeko parte hartze bideak jartzeko prest agertu da, Gazteriako aholku kontseiluaren bidez.
Bilboko Udalak ez du ordenantza berririk egiteko edo errolda ofizialik egiteko asmorik, baina beste bide batetik ari da lanean: dekalogo bat prestatuko du, gazteen artean zabaltzeko. «Kofradietan eta txokoetan ez dago ordenantzarik», ohartarazi du Sabin Anuzita Gazteria zinegotziak. Udaleko sail bakoitzak jarriak ditu arauak eta betekizunak, eta zigortzea ere ez da udalaren kontua: «Legeek kode zibilera eramaten dute, partikularren arteko tratuak direlako. Udalak ezin dira sartu partikularren arteko liskarretan». Bestalde, arauak jartzea baino eraginkorragoa da heziketa, Anuzitak dioenez: «Udala lokaletara joaten bada zuzenean, eta ordenantza bategaz joaten bada, kontrakoa ekar dezake».
Bilboko gazteak «ondo hezitakoak» direla adierazi du, eta badakitela zer nahi duten: «Arazorik sortu barik ondo pasatzea». Baina «premisa batzuk» badaudela erantsi du Anuzitak: zarata, segurtasuna, bizikidetza... Gazteak «balioetan heztea» da dekalogoaren xedea, «lokalak seguruak eta higienikoak izan daitezen, eta bizilagunekin bizikidetza arazorik sor ez dadin». Udala dekalogoa zirriborratzen ari da orain; bigarren urratsa izango da kalean ipintzea. «Elur bolaren metodoa» erabiliko dute horretarako. Gazteek mezua bereganatu eta hedatzea da metodo horren asmoa, ardura beren gain har dezaten.
Gipuzkoan, 21 sute 2007tik
Elorrioko ezbeharrak sortutako kezka ez dute ezkutatu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Su Eskola Fundazioak. Izan ere, azkeneko bost urteetan, 21 gazte lokalek su hartu dute Gipuzkoan, Maider Ziganda diputazioko Zerbitzuetako zuzendariak gogorarazi duenez. Aholkuak —orrialde honetan— eman dituzte Su Eskolak eta diputazioak, eta eskuorri bat prestatu dute; 2.500 ale bidali dizkiete udalei, haiek lokaletan banatzeko. «Aholkuak logikoak eta sinpleak dira, baina bizitzak salba ditzakete», adierazi du Zigandak.
Negua izaten da suteak sortzeko urtarorik okerrena, ez gazteen lokaletan bakarrik, Zigandaren hitzetan: «Berogailu zaharrengatik, arropa jartzeagatik berogailuen gainean... Urtaro arriskutsuena da negua». Su itzalgailu bat lokalean edukitzea ez dela «esfortzu handia», eta konponbide galanta izan litekeela oroitarazi du. Zigarro mutxikinekin eta berogailuekin kontuz ibiltzeko eta, istripuetan, 112 telefonora lehenbailehen deitzeko eskatu du.
Gazteen lokalak
Legeen aurretik doaz gazteak
Sute baten kea arnastuta, gazte bat hil zen Elorrion, urtarrilaren 6an, gazte lokal batean. Lehenagotik hasiak ziren udal batzuk lokal horiek erregulatzen. Baina istripu hark bizkortu egin ditu udalen kezkak, eta neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu