Apirilaren 15 eta 19 artean egin dute biltzarra Bruselan, eta mundu osoko legelariak bildu ditu. Ameriketako Estatu Batuetako Legelarien Erakunde Nazionala, Arabiar Legelarien Elkartea, Ameriketako Legelarien Elkartea, Indiako Legelarien Elkartea, Hegoafrikako Nadel eta Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako, Bulgariako, Belgikako eta Kubako legelari demokraten ekarteak egon dira, besteak beste.
Hainbat gai izan dituzte eztabaidagai; bakea, giza eskubideak, klima aldaketa, Palestinako okupazioa, Filipinetako zein Kolonbiako bake prozesuak eta abar. Euskal Herriko giza eskubideen egoera eta euskal presoen abokatuen kontrako operazioa ere izan dute hizpide.
Euskal legelarien ordezkaritza batek ere hartu dute parte biltzarrean: Eskubideak elkarteak, hain zuzen. Elkarteko Iratxe Urizarrek Justizia demokratikoa, botere judizialaren eta defentsaren independentzia ebazpenaren osaketan parte hartu du. Bertan, Euskal Herriko esperientziaz gain, abokatu kurduen eta Filipina, Kolonbia eta Turkiako abokatuen esperientziak partekatu zituzten.
Presoen abokatuen kontrako jazarpena salatu du batzordeak, eta defentsa legalerako eskubidea eskatu: "Itxurazko eta eskumendun defentsa bat izatea; ezarritako abokatuak atxilotutako pertsonaren aurka bere ideologia edo joera politikoa ez inposatzea; estatuek defentsarako eskubidea babestea; eta abokatuek beren lana askatasunez eta independentziaz egiteko aukera bermatzea, beren konpromiso profesionalengatik jazarpenik edo atxiloketarik jasan gabe".
66 urte lanean
Nurembergeko epaiketetan parte hartu zuten abokatu eta legelariek eratu zuten Legelari Demokraten Nazioarteko Elkartea, 1948an. Elkartearen bultzatzaile nagusia eta lehen lehendakaria Rene Cassin baionarra izan zen, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren idazleetako bat. Elkartea arma nuklearren aurkako borroketan, kolonialismoaren aurka eta apartheid-aren aurka aritu zen. Nelson Mandela zen ohorezko lehendakari, eta egungo presidentea Jeanne Mirer amerikarra da.