"Lasai" azaldu da Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, eta errugabe dela azpimarratu du hedabideen aurrean. "Ez dut legez kontrako ezer egin, dekretua bete dugu, ez da aparteko lansaririk ordaindu eta, beraz, ez dut deliturik egin", adierazi du. Soldatak "aurreratu" egin zituela zehaztu du.
Gabonetako aparteko saria bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak, eta EHUn erabaki zuten nahi zuten langileei ekaineko saria abendura aurreratzea. Hori baimendu zuelako, Goirizelaia auzitara eraman du EHUko gobernu kontseiluko kide batek. Prebarikazioa egitea egotzi dio, jakinaren gainean legea urratzea. Inputatuta, gaur zen deklaratzekoa epailearen aurrean, Getxoko auzitegian.
EHUk jarritako helegite bat onartuta, ordea, atzeratu egin dute Goirizelaiaren deklarazioa. Ez dute zehaztu noiz hitz egingo duen epailearen aurrean.