Politika

Legez kanpo utzitako eragileek Bilboko manifestaziorako deia egin dute

Legez kanpo utzitako eragileek larunbatean Bilboko manifestaziora joateko deia egin dute, "Eskubide zibil eta politikoen urraketa basatia salatzeko". Haien ustez, EAEko hauteskundeetan jokoan dagoena zera da: "nola egin aurre eskubide politikoen urraketari, eta nola bozkatu konponbidearen alde". Beraiek legez kanpo uztearen erantzuleak PP eta PSOE direla diote, baina "zenbait alderdi abertzaleren" jarrera ere salatu dute, legez kanporatzeen kontra daudela esan arren, praktikan, "bultzatu eta sostengatu" egiten dituztelako.

2005eko apirilaren 7a
16:56
Entzun
Eskubide zibil eta politikoen defentsan , inoizko oihurik handiena larunbatena Bilbon entzutea nahi dute legez kanpo utzitako eragileek, eta beraz, harantz joateko deia egin dute.

HB, EH, Batasuna, AuB, HZ, Herri Plataformak, Jarrai, Haika, Segi, Askatasuna eta Ekineko kideek eman dute prentsaurrekoa, eta datorren larunbatean Bilbora joateko eskatu dute.

Talde horiek "egoera antidemokratiko batean eta 25 urteko markoaren agorpena agerian jarri zenean"utzi zituztela legez kanpo salatu dute. Beraien irudiko, azken lau urteetan, eta legez kanporatze horiekin, instituzioetan "atzerapauso demokratiko nabarmena" eman da. "Madrilen euskaldunen borondatea errespetatzeko eskatzen dutenek", Euskal Herrian "ez dutela herriaren borondatea errespetatzen" salatu dute.

"Legebiltzar antidemokratikoa" ontzat ematea "oso larritzat" jo dute, eta EAJri, EAri, EB-Berdeei eta Aralarri horixe egitea leporatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.