Ramon Jauregi Espainiako Presidentetza ministroak gaur adierazi duenez, Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnatu egingo dute "legez kanpo dauden munduko pertsonak" hartzen dituen edozein zerrenda. Radio Euskadiri egindako adierazpenetan horrela mintzatu da Jauregi, Sortu legez kanpo gelditzen bada, EAk edo Alternatibak ezker abertzaleko kideak hartzeko aukeraren gainean.
Sorturen erregistroaren auzia lehenbailehen argitzea nahi duela esan du Jauregik, eta azpimarratu du Espainiako Gobernuak epea bete baino lehen hartu duela erabakia. Hala ere, gogorarazi du Auzitegi Gorenaren erabakiari Konstituzionalean helegitea jarri ahal zaiola. "Auzia garaiz erabakitzen ez bada, ez da epaileen errua izango, baizik eta erregistroa berandu egin zutenena".
Iñigo Lamarca: "Sortu legearen barruan dago"
Iñigo Lamarca EAEko arartekoak gaur jakinarazi du bere ustez Sortu legearen barruan dagoela eta, aurkeztu dituzten estatutuak ikusita, ez dagoela legez kanpo uzteko arrazoirik. Estatutu horietan espreski eta zalantzarik gabe ETAren biolentzia errefusatzen duela azpimarratu du arartekoak.