Espainiako Alderdien Legea 2002ko ekainaren 27an jarri zuten martxan, PPk eta PSOEk bultzatuta, eta Auzitegi Gorenak 2003ko martxoan legez kanpo utzi zituen Batasuna, HB eta EH, "ETAren tresna eta ETAkoak" zirela ebatzita.
Ondoren, Espainiako Justiziak legez kanpo edo baliorik gabe laga zituen AuB eta herri platafomak 2003an, HZ 2004an, Aukera Guztiak 2005ean, EAE-ANV (herri hautagaitza erdiak eta foruetako ia guztiak) eta ASB 2007an, D3M eta Askatasuna 2009an.
Salbatu izan diren bakarrak: EHAK 2005ean eta Iniciativa Internacionalista —ezker abertzaleak haien aldeko botoa eskatu zuen—. 2012an, berriz, Konstituzionalak Sortu legeztatu egin zuen, aurretik Gorenak legez kanporatu ostean.
Gorenak berak 2008an EHAK eta ANV ere legetik at jarri zituen. ANVren kasuan, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaur berretsi egin du erabakia.
2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzaleko hainbat independente Bildu koalizioan aurkeztu ziren, EA eta Alternatibarekin, eta Konstituzionalak legezkotzat jo zuen, kanpainaren hasieran bertan, aurretik Gorenak baliogabetzat jo ondoren. 2011ko azaroko Espainiako bozetan ezker abertzalea Amaiur koalizioan joan zen, EA, Alternatiba eta Aralarrekin, eta ez zen inpugnaziorik egon.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2004ko azaroan berretsi egin zuen Gorenaren 2003ko legez kanporatzeko epaia, eta Batasunak Europara jo zuen, Estrasburgoko Auzitegira. Baina horrek 2009ko ekainean ontzat jo zuen Espainiako Justiziaren erabakia.