Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak eta Auzitegi Nazionalak Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna legez kanpo utzi eta haiek desegiteko agindu duela-eta, defentsa abokatuek uste dute erabaki horien ondorioz epaileek "errepresioari" baino ez diotela zabaldu bidea. "Planteamendu batzuk kriminalizatu egin dituzte eta, hala, konponbide polikoa oztopatu egin dute. Esparru politikoari eta sozialari bidea itxi diete, eta errepresioari eta Poliziari zabaldu", Iñaki Goioaga abokatuak esan duenez.
Bilbon egin dute agerraldia, epaien balorazioa egiteko, eta Jone Goirizelaia, Haizea Ziluaga, Arantza Zulueta, Kepa Landa eta Ainhoa Baglieto abokatuak ere izan dira. "Azken batean, ETAren aurka egin baino gehiago, ideia politiko batzuk desagerrarazi nahi dituzte", ondorioztatu dute.
Epai denak epaiketa egin aurretik erabakita zeudela iritzi dio defentsak, eta epaiak "politikoak" izan direla, "ez juridikoak, ez zuzenbidearekin zerikusia dutenak". Epaileak Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarritu direla salatu du Goioagak, defentsarena aintzat hartu gabe. "Epaiketak irabazi egiten ditugu, sententziak galdu", dio defentsak.
Mobilizazioak
Ezker abertzaleak legez kanporatzeak salatzeko itxialdiak egiten segitzen du udaletxeetan. Atzo hasi zituen eta bihar bukatuko ditu.
Bihar Bilbon nazio manifestazioa egingo da (17:30, Aita Donostia), Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren alde, eta ezker abertzaleko kideek hara joateko dei egin dute. Amnistiaren aldeko militanteek, preso ohiek, gatazkan hildakoen senideek eta torturak jasandako lagunek deitu zuten manifestazioa duela bi aste.
Politika
Legez kanporatzeen ondorioz "errepresioari" baino ez zaio zabaldu bidea, defentsa abokatuen ustez
EAE-ANV, EHAK, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren aurkako epaiketen balorazioa egin dute. "ETAren aurka egin baino gehiago, ideia politiko batzuk desagerrarazi nahi dituzte". Bihar manifestazioa egingo dute, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu