Axier Lopez Argia-ko kazetariak eman zuen Naroa Ariznabarretaren atxiloketaren berri, eta baita atxilotzearen argazkiak zabaldu ere. Irudi horietan, operazioan parte hartu zuten agenteak ageri dira, Ariznabarreta auto batean sartzen. Agenteak bizkarrez ageri dira une oro, eta soilik Ariznabarretaren aurpegia ikusten da irudietako batean. Hala, mozal legea baliatuta, 601 euroko isuna jarri diote kazetariari, irudiak "baimenik gabe" hartu eta zabaldu zituela argudiatuta, eta horietan polizia operazioan parte hartu zuten agenteak "identifika" daitezkeela ondorioztatuta.
Hona hemen Lopezek martxoaren 3an zabaldutako txioa:
Naroa Azirnabarreta Eibarren atxilotu duten unea https://t.co/CqNrfJO2NWpic.twitter.com/Ex4Rejjkj8
— Axier Lopez (@axierL) 2016(e)ko martxoak 3
Salaketak honela dio: "Eibarren egindako polizia operazioaren irudiak sareratu zituen salatuak @axierL bere Twitter kontuan, inongo baimenik gabe. Irudi horiei esker, operazioan parte hartu zuten agenteak identifika daitezke, funtzionario horientzat identifikazio publikoak dakarren arriskuarekin".
Lopezek bere Twitterreko kontuan erantzun dio salaketari.
Mozal Legearen moduko lege injustuek gure lana zigortzea ohorea da #KazetaritzaEzDaDelituahttps://t.co/qNAyJPBYvipic.twitter.com/VFV1THMijs
— Axier Lopez (@axierL) 6 de abril de 2016
Lehen aldia da Euskal Herrian kazetari bat zigortzen dutena mozal legea aintzat hartuta. Aurretik, Ahotsa.info atariak oharra jaso zuen, sanferminetan plazaratutako albiste batean hainbat agenteren irudiak agertzen zirelako. Horren ostean, abenduan, Estrasburgora joko zutela iragarri zuten Ahotsa.info-ko kideek, Diagonal eta La Directa hedabideekin batera.