Lehen arreta «odolusten» ari dela salatu dute zenbait osasungilek Bilbon

Arriaga Antzoki parean bildu dira zenbait osasungile lehen mailako arretaren «egoera prekarioa» salatzeko. Behin-behinekotasuna eta baliabide falta «handiak» direla azaldu dute.

Lehen arretako zenbait osasungileren protesta, Bilbon. RAUL BOGAJO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 29a
13:45
Entzun

Bilboko Arriaga antzokia gorriz jantzi da gaur. Izan ere, bertan bildu dira zenbait osasun langile, lurrean etzanda eta bata zuriak gorriz tindatuta, lehen mailako arretaren «egoera prekarioa» ikusarazteko. Salatu dute Osakidetzako lehen mailako arretan baliabide falta «handia» dagoela, eta sektoreko behin-behinekotasuna «oso handia» dela: «Erdiak baino gehiago dira behin-behinekoan kontratatuta daudenak; kasu batzuetan, %60ra heltzen dira. Eta zortzi urtera arte luzatu daiteke», adierazi dute.

Gainera, gehitu dute, Osakidetzako gastua Europako Batasuneko batezbestekoa baino ia %40 gutxiago dela, eta azken hamar urtean %13 urritu dela lehen arretarako dirua. Horregatik, osasungintzako langileen «ihesa» dagoela ondorioztatu dute: beste herrialde batzuetan baldintza «hobeak» eskaintzen dituztela, eta azken bost urteetan 17.000 osasungile inguru joan direla. 

Horiek horrela, lehen mailako arreta «hiltzen» ari dela uste dute. Lanez «gainezka» daudela diote, falta diren langileen ordezkoak ez dituztela jartzen, eta hori, pandemia betean, kaltegarria dela. Berez «nahiko ahulduta» zegoen osasun sistemari koronabirusaren krisiak asko eragin diola uste baitute, eta horregatik beren osasuna «arriskuan» dagoela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.