Aipatutako hiru burukideek hautagai izateko aukera badute ere, azkenean biren arteko lehia izango da, Egibar eta Imazen artekoa. Xabier Arzalluzek argi utzi baitu ez duela jarraitzeko asmorik. Duela astebete iradoki zuen Gudarien Eguneko omenezko ekitaldian, eta herenegun argi eta garbi azaldu zuen Plentzian. Era ofizialean Berme Batzordearen aurrean egingo du aste honetan bertan.Berme Batzordeari baiezkoa emango diote, ordea, Josu Jon Imazek eta Joseba Egibarrek eta biak izango dira bigarren bozaldiko bi hautagaiak. Uribatzar guztiek (baita lehen bozaldian bozkatu ez dutenek ere) abenduaren 1etik 31ra bitartean bozkatu behar dute.Uribatzar batzuek ez dute parte hartu lehenengo bozaldian (Araban lau, Bizkaian zortzi eta Gipuzkoan lau). Hori kontuan izanik ere, lehen bozaldiko emaitzak Joseba Egibarren aldekoak dira, finean, aldeko ordezkari gehiago lortzeko sostengua eskuratu duelako. Dena dela, kontuan hartu behar da Imazek ez duela zuzenean parte hartu lehen bozaldian. EBBko burua hautatuko duen Aberri Batzarraren ordezkariak lurralde batzarretan aukeratzen dira eta EAJren barne sistemaren arabera Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian gehiengoaeskuratzen duena (Egibarren kasua lehen bozaldian) Aberri Batzarren gehiengoa bereganatzen du. Imazek bakarrik Bizkaian irabazi duenez, bigarren bozaldian Bizkaiaz gain Araban, Bizkaian edo Nafarroan irabazi beharko du lehendakaritza eskuratzeko.
Bigarren bozaldiko emaitzek balio dute, baina lehen bozaldikoek erakusten dute Egibarrek alde handia hartu diola Imazi bai Gipuzkoan, bai Araban eta bai Nafarroan, Berriak jakin ahal izan duenez. Araban 49 uribatzar daude eta guztira afiliatu kopuruaren arabera banatuta63 ordezkarik osatzen dute lurralde batzarra. Lehen bozaldiko datuekin, Egibarrek Arabako ordezkarien %49 eskuratuko luke, Arzalluzek %27 eta Imazek %23.
Bizkaian 123 uribatzar daude eta 213 ordezkarik osatzen dute lurralde batzarra. Uribatzarraren kopuruari begiratuta, Imazen aldekoa da nabarmen: 73 Imazen alde, 35 Egibarren alde, 3 Arzalluzen alde eta 1 Urkulluren alde. Baina ordezkari kopuruari begiratuta, nahiko zabala bada ere, aldea ez da hain handia: %62 Imazentzat,eta %33 Egibarrentzat. Gipuzkoan, Egibarren aldeko aldea nabarmena da. 58 uribatzar daude eta Egibarrek 40 tokitan irabazi du eta Imazek 12 tokitan. Lau uribatzarrek ez dute bozkatu eta Zizurkilen berdindu dute. Ordezkari kopuruari begira aldea handia da ere: %76 Egibarren alde, eta %23 Imazen alde.Nafarroan 11 uribatzar daude eta batean berdindu dute. Egibarrek zortzitan irabazi du (ordezkarien %72), Imazek bitan (%18) eta Arzalluzek batean (%9). Ipar Euskal Herrian Imazek irabazi du, bi batzarren sostengua lortuz eta Egibarrek bakarrena. Euskal Herritik kanpoko uribatzarren emaitzak zenbatu gabe daude.
-
HAUTAKETA SISTEMA
Lurraldeen garrantzia
EAJren barne hauteskunde sistema zeharo korapilatsua da. EBBko lehendakaria Aberri Batzarrak aukeratzen du (urtarrilaren 18an), baina behetik gora doan prozesuak baldintzatuta. Lehenik, oinarrizko organoek uribatzarrek lehen bozaldia egin dute hautagaiak zein diren zehazteko. Bigarren bozaldian hautagaien artean aukeratu beharko dute. Uribatzar bateko bozketan irabazten duen hautagaiakuribatzar horri (afiliatu kopuruaren arabera) dagozkion ordezkariak bere alde izango ditu lurralde batzarrean. Uribatzarretako bozketak, finean, lurralde batzarretan batzen dira eta lurralde horretako ordezkarien gehiengoa eskuratzen duenak Aberri Batzarrean lurralde horri dagozkion ordezkarien sostengua eskuratzen du. Adibidez, Arabako Batzarrean irabazten duenak Aberri Batzarrean Arabari dagozkion 13 ordezkarien sostengua biltzen du. Hori dela eta, oso garrantzitsua da Aberri Batzarrean lurralde bakoitzari dagokion pisua. Pisu hori ez da proportzionala afiliatu kopuruarekin. Bizkaiak ordezkari gehiago ditu (24), baina ez gehiengoa. 71 ordezkarik osatutako Aberri Batzarraren gehiengoa lortzeko 36 boto behar dira. Beraz, Bizkaian irabazten duenak Araba (13), Gipuzkoa (14) edo Nafarroaren (12) sostengua behar du. Eta Bizkaian irabazi gabe Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan irabazten badu lortzen du gehiengoa.
-
Aberri Batzarra
Aberri Batzarrak aukeratuko du EBBko lehendakaria. Lurraldeen arabera honela daude banatuta ordezkariak:Araba: 13.
Bizkaia: 24.
Gipuzkoa: 14.
Nafarroa: 12.
Ipar Euskal Herria: 4.
Euskal Herritik kanpo: 4.