Oraindik ondorioak ateratzeko goiz bada ere, adituen arabera aipagarriena Viktor Justxenko presidenteak eskuratutako puntuazio baxua da; baita Julia Timoshenkok atera dion aldea ere.
Atzo egin zituzten Ukrainian Legebiltzarrerako hauteskundeak eta inkesta guztien arabera Viktor Janukovitx lehen ministro ohia zen faborito nagusia. 'Iraultza laranja' ahulduta agertzen zen inkestetan.
Hamasei hilabete bakarrik pasatu dira Viktor Justxenkok eta Julia Timoshenkok zuzendutako koalizioak agintea hartu zuela. Alabaina, presidentetzarako hauteskundeetan aurkari izan zutena da Legebiltzarrerako bozak irabazteko faboritoa: Viktor Janukovitx, lehen ministro ohia.
2004ko presidentetzarako bozetan Janukovitx eman zuen garailetzat Hauteskunde Batzordeak baina irregulartasunak izan zirela salatu zuen Justxenko-Timoshenko bikoteak, eta milaka lagun mobilizatu zituzten Kiev hiriburuko kaleetan. Protestei esker, bigarren txanda berriz egitea lortu zuten eta garaile atera ziren. Hala sortu zen 'Iraultza laranja'.
Justxenko-Timoshenko aliantzak, ordea, ez zuen luze iraun. Julia Timoshenkok zortzi hilabeteren buruan utzi zuen lehen ministro kargua, Viktor Justxenko presidenteak berak nahi baino erreforma gutxiago egin zituelako. Zatiketa horrek jarraitzaileak desmobilizatzea eragin du eta, bide batez, Janukovitx aurkaria indartzea.
Aurreikuspenak betetzen badira, ordea, Janukovitxek ez du gehiengo osorik izango eta koalizioren bat sortu beharko da. Aditu batzuek bi Viktorren artean koalizio bat osatzeko aukera aipatu dute aspalditik, nahiz eta bakoitzaren helburuek urrun diruditen. Justxenko Europako Batasunarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin harremanak indartzearen aldekoa da; Janukovitx, aldiz, Errusiarekiko aliantza sendotzearen aldekoa. Beraz, beste aditu batzuek diote Justxenko-Timoshenko bikotea berriro elkartuko dela. Horrek Timoshenko indartuko luke.
Ukraina
Lehen emaitzen arabera oposizioa nagusitu da Ukrainako Legebiltzarrerako bozetan
Oraindik asko geratzen da bota guztiak kontatzeko baina hautesleku atarian egindako inkesten arabera Viktor Janukovitx ministro ohiaren alderdiak irabazi ditu Legebiltzarrerako bozak. Janukovitxen alderdiak botoen %33a eskuratu du eta bere atzetik Julia Timoshenkoren blokea izan da bigarren %22,72arekin. Viktor Justxenko egungo presidentearen alderdia, beraz, hirugarren lekuan geratuko litzateke %13,53arekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu