Nikolas Segurola (Artzaina eta Arantzazuko fraidea)

"Lehen gehiago kostatzen zitzaidan etxean egotea orain irtetea baino"

Erretiroa hartuta dago, baina merezitako tokia du oraindik Gomiztegi baserrian, Artzain Eskola hartzen duen tokian. Fraide izateko eta artzain izateko bokazioa, biak ditu frantziskotar honek, baita bertso munduko umorea ere.

Irune Lasa.
2013ko martxoaren 31
15:28
Entzun

Bere ardien izenak libretatxo batean jasotzen omen ditu. Baina izena soilik ez, euskal ardiari izana ere eman dio Nikolas Segurolak (Matxinbenta, Gipuzkoa, 1939) bere lanarekin. Arantzazun bertan, Gomiztegi baserriko mahai gainean, San Frantziskoren irudiaren azpian, gazta, ardoa, salda eta kafea txandakatu dira elkarrizketak aurrera egin ahala. Bere apaltasun neurrigabeak zenbateraino ez ote du ezkutatzen gizonaren izanaren neurria...

Aditua zarela baliatuz, galdera egingo dizut: zuri nola gustatzen zaizu gazta, biguna, gogorra, zaharra, berria...?

Ona bada, era guztietara. Baina zerbait esateagatik, gazta berri samarra baldin bada, bi edo hiru hilabetekoa, ketua gustatzen zait; bizitasun pixka bat eman diezaiola, oraindik behar bezalako gustua hartu gabe duelako. Gero, sei-zazpi hilabete dituenean, orduan dago gazta ondoena. Hor ez dauka ke beharrik, kearekin okerragotu egiten da. Gero, ez zait gozoarekin nahastea gustatzen.

Eta ardoarekin?

Bai, ardoa bai. Ardoa galarazita daukatenek ura ateratzeko esaten didatenean, nik beti esaten diet gaztak urarekin lokatza egiten duela ahoan, eta ardoarekin halako jaki goxo bat...

Txikitatik artzain?

Jaio ginenetik. Akordatzen naiz umeak ginela, igual 6 urte edo. Etxe parean genituen ardiak, tartean gurdia pasatzeko lain bidea zegoela. Bildotsak jaiotzen ari zirenean, gauean anaia zaharrena-eta ohetik jaiki eta joaten ziren haztegira. Gu umeak ginen, eta ez ziguten uzten, hoztu egingo ginelako edo. Baina akordatzen baginen... Han izaten ginen.

Orduan txikitatik ardiekin.

12 urterekin etorri nintzen honantz kolegiora [Arantzazura], eta ordurako nik bakarrik askotan jezten nituen ardiak.

Eta hona kolegiora etorri zinenean pentsatzen zenuen hemen bizitza osoa egingo zenuela?

Asmo horrekin etortzen da... ezta? Baina segurantzia gutxirekin. Badago hor argazki bat 1953koa, ni etorri eta bi urtera ateratakoa, ikasle guztiekin. Egoten naiz begira ea ezagutzen ditudan, eta ezagutu bai, baina fraide daudenak oso gutxi, eta Arantzazun bi bakarrik gaude.

Kolegioan zenbat urte egin zenituen?

Lau urte egin nituen. 16 urtetik 19ra arte etxean, eta gero honantz itzuli nintzen hermano izatera.

Eta ordurako Gomiztegin zeuden fraideak?

Bai, justu 53an etorri ziren. Zuek etorri zareten bide hori ez zen orduan. Harrobian gora etortzen zen bide kaskar bat zegoen, eta oso txarra zen idiak eta ganadua ekartzeko. Bidea fraideek egin zuten. Bazuten 5.000 kilo-edo izango zituen konpresora bat, hermano batek berak osatutakoa piezekin. Eta hari tira egitera gu etortzen ginen errekreoetan eta; igual izango ginen 50 bat tiraka egiten sokarekin.

Kolegio zorrotzetik ihesbide al zen hona etortzea?

Ez dut uste. Ni Arantzazun oso zoriontsu izan naiz lehenengo-lehenengotik. Etorri nintzenean mutikotan badakizu noiz sufritzen nuen gehiena? Artzainak Urbira joaten zirenean. Leiho paretik pasatzen zirenean, ez genuen baimenik leihora irteteko haiek  ikustera. Inoiz errekreo denboran igotzen ziren, eta halako orkestrarik nik ez dut sekula santan entzun. Haiek ekartzen zituzten, bulun-bulun, haien zintzarri hotsa...

Haiekin igotzeko desiatzen gelditzen zinen?

Igotzeko ez dakit, egun guztian haiek ikusten egoteko bai.

Aizu, baina zenbateraino ez da artzain bizitza pixka bat idealizatuta egon? Zenbatetan morroia bidaltzen zuten hara bakarrik egotera, lan gogorrenera...

Ez dakit idealizatu den, baina nik uste dut artzain izateko artzaintza ideal bezala eduki behar duela edozeinek; bokazionala-edo behar duela. Nik beti galdetzen diet hona artzain ikastera zergatik datozen. Batzuek ondo irabazten delako esan izan didate. Eta nik erantzuten diet horretara badatoz askoz hobeto irabazten den tokiak badaudela. Orain, gozatzen baduzu artzaintzarekin, orduan itxuraz bizi daiteke, eta gustura egiten duzu lana.

Baten batek egin du atzera behin ikasten hasita?

Askok. Ikusten dutenean artzaintza zer den. Batzuek berehala ikusten dute. Eta guk ere bai! [barreak]. Baina badaude kasu harrigarriak. Badago istorio oso polit bat, aita Usurbilgoa zuen Iparraldeko gazte batena. Gurasoek hura jatetxe-jabe izatea nahi zuten, eta karrera hori eman zioten; jatetxea egin eta guzti egin zioten. Gazteak ezetz eta ezetz esaten zien, baina gurasoek pentsatzen zuten behin jatetxea ikusita animatuko zela. Hura ireki behar zuen bezpera gauean, gurasoei ezer esan gabe, 02:00etan Arantzazun aurkeztu zen gaztea. Donato zegoen atezain, eta adin hartako gazte bat ikusi zuenean, «zer habil hemen?», galdetu zion. Eta hark «neuk baneki», erantzun. Igande goiza zen, eta Donatok pentsatu zuen, beste asko bezala, gaztea drogarekin-edo ibili eta orain nonbaiterako diru eske zetorkiola. Galdetu ere ez zion egin, horrela gehiago ere etortzen zirenez. Mila pezetakoa ekarri zion, uste dut ohitura hori zegoela hala etortzen zirenekin. Gazteak esan zion: «Ez daukat diru asko, baina ezta beharrik ere. Hori ez da nire arazoa». Azkenean, abegi egin zioten Arantzazun astebetez, jakinda gurasoen ihesi zebilela, eta ardiak gustuko zituela jakin zutenean, hona Gomiztegira ekarri zuten hamabost egunez.

Eta etxera itzuli zen?

Elustondo eta nire artean konbentzitu genuen gurasoekin hitz egiteko, onartuko zutela bere egoera eta barkatuko zutela, edo igual barkazioa eskatu. Eta haiei deitzekotan gelditu ginen. Etorri ziren aita eta ama, jai eguerdi batean. Ikusten dut aita, eta aiba!  «Hi al hintzen?». Eta hark ere berdin: «Hi al hintzen?» [barreak] Asko ezagutzen genuen elkar haren aitak eta biok. Garai hartan Usurbilen egiten zen bertsolari txapelketara joaten nintzen, eta aita hori ere ibiltzen zen hura antolatzen. Nik zer jakingo nuen haren aita zela... Laguna zela ikusita, gogor samar hitz egin nion. «Hik uste al duk eskubiderik badagoela? Ez al du demostratu artzaina izan nahi duela? Utziozue proba egiten». Benetako artzain bokazioa zuen.

Inor gutxik ulertuko zuen zuk baino hobeto.

Gehiagok ere bai, seguru, baina nik behintzat ulertzen nuen, eta hori esplikatu nion aitari. Handik aurrera, aita izan zuen laguntzailerik handiena. Gazte hura gero baserri eskolak egindako Iparraldeko neska batekin ezkondu zen, eta Zerainen bizi da. Ardiak Aralarrera eramaten dituzte, eta zoriontsua dela dio.

Ardi arrazarekin izan dira komeriak Iparraldean ere.

Guri ere esan digute hemengo ardia nahasia dela. Orain gero eta gehiago sinesten digute, baina garai hartan... Guk suerte handia izan genuen. Beloken artzain ibiltzen zen fraidea oso laguna genuen. Han ordurako bazituzten elkarteak eta intseminazio zentroak. Hemen, berriz, 50eko hamarkadan fabrikak eta haietara lanera zetozenei etxeak egiteko tokirik onenak kendu zizaizkion ardiari. Eta ardia mendian gelditu zen. Tokirik txarrenean gure ardia. Baserriko artzain gazteek ikusi zuten askoz gehiago irabazten zutela kalean lana eginda, eta beste aldetik ardiak toki txarrenetan ere ez zebiltzala lehen bezala. Orduan zer egin zuten? Mendian pinua sartu, eta fabriketara joan. Ardia oraindik ere gehiago baztertu zuten. Baina suertez, Iparraldean beste erara gertatu zen, han ez zen industriarik sartu. Behi eta ardi esnea zuten, eta Rochefortera bidaltzen zuten gazta egiteko. Han ikusi zuten, Rocheforten, ez zegoela parean jartzerik gazta egiteko, ardi gazta askoz hobea zela. Eta, ondorioz, Iparraldean behiak gutxitu eta ardiak gehitu egin zituzten, eta hemengo latxak han manex bihurtu ziren. Lanean hasi ziren, elikadura, genetika hobetzen.

Eta handik itzuli ziren latxak.

Hori da. Belokeko beneditar hark hogeika urte egin zituen lanean, eta guk suertea izan genuen intseminaziotik lortutako ahari onenak ekartzeko.

Norbaitek nahasiak dituzuela esaten duenean haserretuko zara orduan.

Bueno, 80an jarri genituen, eta  82koak ditut lehen datuak: orain adina ardirekin 13.000 litro esne jetzi genituen, eta aurten 77.000 litro jetziko dituzte.

Eta hori nola lortzen da?

Genetika hobetu da, elikadura, tratua... dena hobetu da. Eta horrek erakusten du gure ardia ez zela esaten zuten bezain txarra. Horregatik esaten zuten nahasturen bat sartu ote genuen, kanpotarren bat, baina ez...

Inbidia izango zen.

[barreak] Inbidia edo sinetsi ezina izango zen, baina orduan gehien kexatzen zirenak dira orain hango hazia erabiltzen dutenak. Garai hartan Arantzazu pixka bat erreferentzia izan zen, eta hori izango zen hemen artzain eskola jartzeko arrazoietako bat.

Artzaintza Euskal Herrian. Badakigu preziatzen daukaguna?

Uste dut ezetz. Gure gazta munduan zehar sari guztiak irabazten ari da, lauzpabost onenen artean jartzen dute. Baina hemen, oraindik Bilbo aldean-eta entzuten dudanez, Mantxako gazta askoz gehiago saltzen da Idiazabalgoa baino, eta ez da merkeagoa.

Bertsolariak aipatu dituzu lehen. Fraidea parrandazale artean...

[Barreak]. Ni ere izan nintzen beharbada.... Lehen etxean egotea gehiago kostatzen zitzaidan orain irtetea baino [barreak]. Asko ibili naiz bertso mundu horretan. Eta artzainekin ere asko ibiltzen nintzen kanpoan, batzarretan eta halakoetan.

Baina gauetan, gehiago bertsolariekin artzainekin baino...

Dudarik gabe [barreak].

Fraide zintzoa...

Baina bertsolariak ez al dira ba zintzoak? Nik benetan  pertsona onak ezagutu ditut bertsolaritzan. Beharbada ez oso erlijiosoak, bakar batzuk kenduta, Basarri, Xalbador eta Lasarte. Baina asko maitatu izan ditut bertsolariak. Eta ohorea gelditu zait Joxe Agirrerekin bertsotan egindako azkena ni izan nintzela. Oñatin, kafe ondoren batean izan zen, hura bertsotan eta ni antzekotan. Orduan esan nion neure buruari bajatu nintzela bertsotan... Orain idatzi egiten ditut bertsoak, baina kantatzeko beldurrez egoten naiz aurretik, etorriko al zait errima... eta horrela bertsotan egiten.

Lehengoen etorri hura...

Gogoratzen naiz hemen Arantzazuko taberna batean bertso saioa zela, eta esan nion orduan hemen nagusia zen Telesforori [Zuriarrain] etortzeko. Bertsozalea zen, baina gauetan ibiltzeak-edo erreparoa ematen zion, baina behin etorri zen. Eta halaxe esan zidan. «Hi, horiek hizketan ere bertsotan egingo ditek, ezta?». Halaxe egiten zuten-eta azpeitiarrek.

Zein ziren?

Joxe Agirre, Lazkano eta Lizaso. Ez dut esango onenak zirenik, baina bai gehien disfrutatzen nituenak. Egun hartan Lizaso ez zegoen, besteak bai. Han kantatutako bi bertsoak gogoratzen ditut. Bukatu zen saioa, ia gaueko ordubietan, eta jatetxeko neskak musua eta detailetxoa eman zien: Tximisteko linterna eder bana. Eta Lazkanok kantatu zion:

Eman didazun musu horri

nik ez dakit nola erantzun

gehiagoi ere esango diet

zuk nola eman didazun

Azpeiti guztin aitortuko dut

inork nahi badu entzun

musuk ematen ditun

birjina daukatela Arantzazun.

Hori da loreak botatzen jakitea!

Neska oraindik ezkondu gabeko dago. Bilbon bizi da, irakasle-edo ibiltzen da Maite. Hari ez zaio bertsoa sekula ahaztuko, horrelako lorerik. Joxe Agirrek ere bota zion, pixka bat ohikoagoa, baina baita ere polita.

Begiratuta ematen duzu

erru gabeko usua

ibiltzen berriz erbinudeak

bezain arina pausua

nik ere ez dakit nola ordaindu

eman didazun musua

andreak ere eman izan dit

baina ez horren gosua

Hori arriskutsuagoa da! Emazteak jakinda...

[Algarak] Baaai. Baina ni askotan egoten nintzen haien emazteak bazeudela ere, eta berdin-berdin botatzen zuten! Batez ere, Lizasoren emaztea, Juli... Serio- serio egoten zen. «Zer egingo diozu?», esaten zuen.

Hala ere, Arantzazuko fraidea goizeko ordu horietan tabernan... norbaitek zerbait esango zizun...

Ez dakit... Beharbada, apaiza izan banintz, mezaduna, gehiago sartuko ziren nirekin baina...

Misiolari joatea pentsatu zenuen?

Garai hartan ziurrenez ez zitzaidan Perura joatea inportako, anaia nuen han pasionistekin. Baina ez nuen aukerarik izan; nik uste honerako nahi nindutela. Nobiziatua Zarautzen egiten genuen, eta hiru urtez egon ginen, han obra bat egin genuelako. Uste dut hango kolegio berriko masa guztiak nik egin nituela! Baina obra bukatu baino pixka bat lehentxeago ekarri ninduten hona, belarretako garaia zela.

Irakurri dut nola ekartzen duzun gogora animaliak maite zituen San Frantzisko.

Nik kariño berezia diot San Frantziskori. Orain neure buruari galdetzen diot Arantzazura zergatik etorri nintzen, apaizak ahalegin guztiak egin baitzituen ni seminariora bidaltzeko. Baina nik Arantzazura nahi nuen. Ez dakit fraide izateagatik edo Arantzazun egoteagatik... biak nahastuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.