futbola

Lehen harria, jarria

San Mames Barriaren lanak abian dira gaurtik. Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta BBK-k 55na milioi euro jarriko dituzte, Athleticek 42 eta Bilboko Udalak 11. Estadioak 53.000 ikuslerentzako tokia izango du. Gaurkoa "egun historikoa" dela esan du Lopez lehendakariak.

2010eko maiatzaren 26a
21:04
Entzun
Athleticen estadio berriaren egitasmoa, hitzez eta akordioez gain, abian da. Izan ere, gaur eguerdian jarri dute Bilbon San Mames Barriaren lehen harria. Gaurko estadioaren ondo-ondoan egongo da berria, zaharrari pusketa bat ‘janez’. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, "egun historikoa" izan da, "euskal herritar guztiontzat onuragarri izango baita proiektua, ez futbol zaleentzat bakarrik". Administrazioen elkarlana ere goraipatu du Lopezek.



Fernando Garcia Makua Athleticeko presidentearen arabera, 2012-2013 denboraldian zelai berrian jokatzeko moduan izango da Athletic, eraikuntzaren hiru laurden amaituta direla, eta behin betiko bukaera urte eta erdi beranduago izango da.

53.000 ikuslerentzako tokia izango du estadioak.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbo Bizkaia Kutxak 55na milioi euro ipiniko dituzte, Athleticek 42 eta Bilboko Udalak 11. Milioi horiek guztiak batuta 218 irteten dira, baina horietatik 34 -Foru Aldundiak jarriko dituen 17 eta Athleticek jarriko dituen beste 17- eraikina joango den lurrenak dira eta beste 11 Udalarenak -tasetan eta baimenetan kobratuko ez dizkienak, alegia-. Horrekin guztiarekin, 157 milioi inguruan gelditzen da proiektua.

Gaurko agerraldian han izan dira bost babesle nagusien izenean Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Mario Fernandez BBK-ko presidentea, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Fernando Garcia Makua Athleticeko presidentea. Baita Espainiako Futbol Federazioko presidente Angel Maria Villar, Espainiako Futbol Liga Profesionaleko presidente Jose Luis Astiazaran edota Athleticeko jokalari ohiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.