«Lehen harriak azkena izan behar duela ozen entzun zen eguna»

Arrakastatsutzat jo du Gipuzkoa Zero Zabor plataformak 2.000 lagun inguru bildu zituen 'flash mob'-a

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Errauste plantaren lehen harria kentzeko adina indar bildu genuen eguna. Lehen harriak azkena izan behar duela ozen entzun zen eguna». Hitz horiekin azaldu du Gipuzkoa Zero Zabor plataformak aurreko igandean Zubietan (Usurbil, Gipuzkoa) egin zen saioa. 3.000 lagun bildu eta horietatik gehienak dantza egin zutela nabarmendu du.

«Inor gutxik espero zuen 2.000 lagun koreografia jakin bat ikasita dantzara joatea». Esperotakoa eta hasiera batean zehaztu zuten helburua gainditzea lortu dutela esan du. Zubieta eta inguruko herrietara gipuzkoar guztien elkartasuna eramatea lortu zu-tela agertu du. «Gipuzkoa ohartzen ari da hondakinen arazoa guztiona dela eta irtenbidea ere guztion artean aurkitu behar dugula».

Errauste plantak herritarren bozak, zergak eta zaborra behar dituela gogorarazi du Gipuzkoa Zero Zabor taldeak, eta igandeko ekimenak hori gogorarazteko balio izan duela nabarmendu du. Horrez gain, Zubietan bildutakoek aldundiari zero zabor programak abiarazteko eskatu zietela azaldu du, eta zaborrak erretzeko aukera azken aukera gisa kontuan hartzeko.

Gipuzkoa Zero Zabor taldeak esan du igandean Zubietan egindako flash mob-aren bideoa prestatzen ari direla, eta ekimen «irudimentsu» gehiago iragarri ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.