Hasi da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, eta lehen egunean bertan atera diren bi inkestek EAJ jotzen dute irabazle eta EH Bildu bigarren.
CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroaren inkesten arabera, EAJk 75 legebiltzarkideetatik 27 lortuko ditu (%36,2ko babesa), eta EH Bilduk 21-22 (%25,1). PSE-EEk 14 eskuratuko lituzke (%17,2), PPk 9-10 (%10,7) eta Ezker Anitza-IUk 3 (%4,2).
Inkesta horrek dio Araban EH Bildu litzatekeela aurreneko indarra, eta bigarren EAJ luke, 0,7 puntura. Bizkaian EAJ irabazle aise, eta bigarren EH Bildu, 23 puntura. Gipuzkoan aurrena EH Bildu, eta EAJ bigarren, hiru puntura.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irailaren 10 eta 25era artean 2.898 laguni galdetu zien CISek.
Gara-ren inkestak 26 aulki ematen dizkio EAJri (botoen %35,1). EH Bildu geratuko litzateke bigarren, 22 aulkirekin (%26,8). Hirugarren PSE-EE, 14rekin (%16,3). Laugarren PP, 11rekin (%14,1). Bosgarren Ezker Anitza-IU, 2rekin (%3,8). UPDk, EBk, Equok eta beste hautagaitzek ez lukete parlamentariorik erdietsiko urriaren 21eko bozetan.
Bizkaian eta Araban EAJ izango litzateke lehen indarra —bigarren EH Bildu bietan—, eta Gipuzkoan EH Bildu nagusituko litzateke —bigarren EAJ legoke—. Hiruretan ere indar nagusia erraz litzateke garaile.
Aztiker enpresak egin du Gara-rentzat inkesta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irailaren 22 eta urriaren 2aren artean 1.030 telefono dei eginda. Emaitzak egunero emango dituztela jakinarazi dute, "zundaketa egokituta".