Lehen mailako ikastolak indartu nahi ditu Seaskak

Iaz baino 150 ikasle gehiago ukanen ditu Seaskak, eta 3.000 ikasletik hurbil egonen da ikasturte bukaeran

Paxkal Indo, Jeff Mateo eta Mixele Agerre, atzo, Itsasuko ikastolan. G. IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Iaz Itsasun eta Lekornen (Lapurdi) ikastola bana ireki ondoren, Seaskaren aurtengo lehentasuna lehen mailak indartzea da. Ikas prozesu osoa kontuan harturik, 3.000 ikasleren heinetik hurbil izanen da Seaska ikasturte bukaeran. Azken urteetako joerari jarraikiz, iaz baino 150 ikasle gehiago ditu aurten Seaskak. 2.856 ikaslek abiatu dute ikasturtea 29 ikastolatan, eta, bi urteko haurren eskolatzea dela medio, 2.950 ikaslerekin bukatuko dute urtea.

Kopuru emendatzeak nabarmenak izan dira: Azkainen 18 ikasle gehiago (89 orotara), Miarritzen bertze 18 (132 orotara), Arberoan 14 (34 guztira), Urruñan 13 (106 guztira), Saran 12 (75 orotara), Uztaritzen hamar (105 orotara), eta Lekornen hamar gehiago (22 guztira). Sohutan (Zuberoa) lehen aldiz ehundik gora ikasle izanen dira (105), eta ekaina baino lehen bertze sei ikasle sartuko dira. Emendatze horri buru egin ahal izateko, handitze eta hobekuntza lanak egin behar izan dituzte ikastoletan.

Bigarren mailan ere emendatu dira kopuruak, apalago bada ere. Hala, iaz baino hogei ikasle gehiago ukanen dituzte. 593 ikasle arituko dira kolegioetan, eta 181, lizeoan (iaz baino sei gehiago).

Aurrekontuan galera

Iaz bezala, galerak onartu ditu Seaskak aurtengo aurrekontuan. 2,2 milioi eurokoa izanen da aurrekontua, eta aitzin ikusi duten galera, 53.000 eurokoa. Joan den udaberriko manifestazioaren ondoren Frantziako Hezkuntza Ministerioak 1,25 irakasle postu gehiago eman dio Seaskari; baina, hala ere, 18 irakasle geldituko dira Seaskaren gain. 128 irakasle ditu Seaskak lehen mailan, baina 110 baino ez ditu ordaintzen Frantziako Hezkuntzak. Falta diren lanpostu horiek bere sakelatik ordaintzea deliberatu du Seaskak.Aurrekontuaren %60 Seaskaren gain gelditzen dela nabarmendu zuen atzo Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.